Otadiko urbanizazioa 900.000 euro garestiago izanen da.

Guaixe 2007ko urriaren 31

 Igoera horrek udalari 79.000 euroko gastu gehigarria ekarriko diola azaldu zuen alkateak. Gainontzekoa lur jabeek ordainduko lukete. Osteguneko udal akordioak, udalak berak ilbeltzean hartutako beste bat zuzendu zuen. Orduan, garestitzea 600.000 eurokoa izanen zela aurreikusi baitzenAltsasuUnai Hualde alkateak jakitera eman zuenez urbanizazio lanen garestitzeko arrazoiak hauexek izan dira: hasiera batean aurreikusi ez ziren bi lan egin direlako, batetik, urbanizazioaren sareak alde zaharrekoekin lotzea eta, bestetik, trenbide ondoan egin den harri-lubeta. Horrekin batera, alkateak azaldu zuenez, zenbait partzelen neurketa egiterakoan akatsak egon daitezke. Zuzenketa NaBairen eta PSNren aldeko bozekin aurrera atera zen. UPNk eta NEB-IUBk abstentzioa eman zuten eta EAE-ANVk kontra azaldu zen. Akordioa aurrera atera zenez, urbanizazio lanak urte bukaera aurretik despeditzea espero da. Alkateak ere adierazi zuen udalak proiektua idatzi eta lanak zuzendu zituen enpresaren aurka legez jotzeko bidea ez zuela baztertzen. EztabaidaEAE-ANV oso kritiko azaldu zen aldaketarekin. Zenbait gauza "argitu" beharra zegoela azaldu zuten ekintzaileek eta gaineratu zuten "hasieratik gaizki" egin zela, "lana eman zen alegazioak kontuan hartu gabe". Horrekin batera ekintzaileek salatu zuten inguru hartan udalak zituen eta saldu zituen lurrengatik ere ordaindu beharko duela, salmenta klausuletan horrela jasota dagoelako. EAE-ANV urbanizazioaren garestitzeak altsasuarren poltsikoan izan dezakeen eraginarekin kezkatuta azaldu zen. Horretaz gain, eraikitze baimenak ematean abala eskatu ez izana kritikatu zuen. Ekintzaileek gardentasun falta salatu zuten ere. Aldi berean ekintzaileek kritikatu egin zuten "berriro ere hirigintzako egoera behartu batengatik erabaki bat hartu behar izatea". Hirigintza batzordeko buruak, Juan Migel Perez Hurtadok ekintzaileek azaldutako kezka batzuek berak ere bazituela azaldu zuen. Horrekin batera EAE-ANVri udal bilkuran egindako galdera guztiak hirigintza batzordean egiteko eskatu zion. Lanak bukatzeko aldaketa onartzea ezinbestekotzat jo zuen. Bestalde, alkateak esan zuen eraikitzaileak udalak erabakia hartzeko zain daudela. Gehitu zuenez, "hasieratik daude akatsak, 2002. urtetik". MozioaAlderdi ekintzaileak "hirigintzako praktika eskasengatik" batzorde berezi bat sortzeko eskaera egin zuen. Batzordearen egitekoa ardura tekniko eta politikoak argitzea litzateke. Baina proposamenaren alde beraiek bakarrik egin zuten. IUN-NEBk esan zuen legegintzaldi guztietan egin direla "hanka sartzeak" eta kontu ganberaren ikuskaritzarekin nahikoa zela. Horrekin ados agertu zen Nafarroa Bai. Koalizioak gardentasun faltarik egon zenik ukatu egin zuen eta ekintzaileei leporatu zien "egungo udala taldearen jarduna oztopatzeko nahia" eta "ustezko zalantzen bidez etekinak ateratzeko nahia".