Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
EgitarauaSakanako AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako jardunaldia 11:00etan eginen den mikologia erakusketa eta dastatzearekin abiatuko da. Antolatzaileek parte hartzeko deia egin dute: zizak bildu eta erakusketa osatzeko eramatea eskatu dute. Haren laguntzaz baliaturik natur ondarearen inguruko hausnarketa eginen dute bildutakoek eta datorkigun etorkizun hurbilaz hitz eginen dute. Mikologia erakusketaz gain, Irurtzunen 11:30ean marrazki tailerra egonen da ume eta gazteendako. Horietan irudimen ariketa egitea eskatuko zaie parte-hartzaileei eta 2027. urtean Sakana nolakoa izanen den irudikatu beharko dute. Eguerdi partean mokadu bat probatzeko eskaintza eginen du talde antolatzaileak. Pintxoak eta sagardoa dastatzearekin batera txalaparta eta trikitixa doinuak izanen dira. Guztia plazan izanen da eta eguraldiak laguntzen ez badu pilotalekuan. ArratsaldeanSakanako AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako jardunaldiak arratsaldez izanen du segida. 17:00etan, kultur etxean, Al calor de las chimeneas dokumentala ikusteko aukera izanen da. Castejoneko Zentral Termikoen CO2 emisioen gorakada aztertuko dute. Antolatzaileendako gorakada hori "AHTren ondorioetako bat" izateaz gain, "energia espekulazio modu berri bat" ere bada. Castejongo errealitate horren inguruko informazioa jaso eta gero AHT egitasmoa gelditzeko dauden aukera ezberdinez eztabaidatuko da. Eztabaida horretan Italiako Alpeetan dagoen Val de Susoko hainbat herritar izanen dira. Jardunaldiaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, "Alpeetako bailara honetan, AHTren aurkako borrokek Turin eta Lyonen arteko ibilbidea ez egitea lortu zuten". Italiarrekin batera Erriberako tren publiko eta sozialaren alde eta AHTren kontrako plataformako kideak izanen dira. Sakanako AHT Gelditu! elkarlanak bere plangintza aurkeztuko du. Eztabaidaren ondoren Kilimak batukadarekin eta Zpeiz mukaki dantzariekin kultur etxetik kiroldegira bitarteko kalejira eginen dute bildutakoek, 19:00etan. Ama Lurraren defentsarako jardunaldia Pikurock, rock musikaren VI. gazte festibalarekin, 21:00etatik egunsentira arte luzatuko da. EgutegiaSakanako AHT Gelditu! Elkarlanak Irurtzungo jardunaldi honekin batera beste 2 gehiago antolatu ditu. Aurrekoan Arbizun ospatu zena eta azaroaren 24rako antolatu duen Izurdiagatik Uharte Arakilera bitarteko martxa. Ibilaldi horren helburua da "AHT-k zuzenki eraginen dituen gure bailarako txoko eta bazterrak ezagutu eta hauekiko sentsibilizazioa lortzea".