Erakusketa osatzeko NUPk Nafarroarekin lotura duten adin ezberdinetako hainbat artistengana jo zuen. Proposamen erraza egin zien unibertsitateak artistei: Pio Barojaren testu bat oinarri hartuta A3 tamainako paperean irudi bat egitea. Asko izan dira artistek inspirazio iturri gisa hartu dituzten liburuak, baina besteen artean 3 nabarmentzen dira: El árbol de la ciencia, La busca eta Zalacaín el aventurero. Margo erakusketa horren bidez idazlea kezkatu zuten gaiak (zientzia, melankolia, bizitza eta heriotza) landu eta haietan sakondu da.43 artisten lanek osatzen dute Begiratuak Pio Barojaren unibertsoari erakusketa. Olioa, akrilikoa, akuarela, tinta, ikatza, kolore digitalak, grabatua moduko estiloak ikus daitezke erakusketa horretan. Estilo eta teknika adina paper mota daude ere. Erakusketa bisitatu nahi duenak azaroaren 6tik 25era bitartean pasa beharko du Iortia kultur gunetik, asteartetik ostiralera 18:30etik 21:00etara eta domeketan 18:30etik 20:30era. Liburutegian Altsasuko Udal Liburutegiak ere Pio Barojaren heriotzaren urteurrena gogoan izan du. Hori dela eta, idazle handiari eskainitako irakurketa gida prestatu du. Gida horretan Altsasuko Udal Liburutegian Pio Barojarenak diren edo hari buruz idatzitako liburuen berri ematen da. Altsasuko liburuzainek, gainera, liburu horien erakusketa ere prestatu dute. Altsasuko Udal Liburutegiak Pio Barojaren heriotzaren 50. urteurrenean antolatutakoak ez dira horretara mugatzen. Azaroaren 7an, asteazkenarekin, 19:00etan Victor Moreno idazleak hitzaldia emanen du Iortia kultur guneko erakusketan bertan: ¿Qué hacemos con Baroja? Reflexiones sobre su coherencia.