Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurtengoa gazte jaialdia, berriz, itxuraldatuta datorkigu. Musika ez ezik, aldarrikapena ere ekarri nahi izan dute Irurtzungo gazteek oholtza gainera eta AHTrik ez! karakterizazioa eman diote aurtengoari.Rock jaialdiaKatalunia, Italia eta Euskal Herriko musikaren nahasketa izango da bihar entzun ahal izanen dena. Italiako Torino hiritik Rimozionekoatta ska taldea etorriko da Irurtzungo giroa alaitzera. Bere erritmo alai eta esanahiz betetako hitzekin dantzaraziko ditu talde honek bertaratutako gazte guztiak. Musika estilo antzekoa egiten duen Obrint pas taldeak ere ardura bera izanen du biharkoan. Euskal Herriko ordezkaritza 3 taldeek osatuko dute: Latzenek, E.H sukarrak eta Trikiziok. Latzen talde oñatiarra denboraldi batean atseden hartu ondoren bueltatuko da Irurtzunera bere lan berria aurkeztera. Kontzientzia ala infernua lanak batzen ditu metal arloan dauden erritmo desberdinak. Kanta azkarrak, gogorrak eta boteretsuak aurkeztuko dituzte gitarra hotsen indarrez lagunduta. Ibilbide luzea duen E.H sukarra talde eibartarrak ere Pikurock jaialdia girotzeko apustua eginen du. Bere kanta ezagunen erritmoak lagunduta DVD baterako irudiak grabatuko dituzte Irurtzunen. Rock talde mugitu hauek Trikizio taldeari emanen diote lekukoa. Trikitixa eta panderoa lagun dituztela, bertaratutako guztiak dantzan jartzeko taularatuko dira taldekideak. Pikurockera hurbiltzen direnek, gainera, txosna giroa, bokatak eta beste izanen dituzte. Kontzerturako sarrera 18 eurokoa da eta Irurtzuneraino gerturatzeko autobusak antolatu dituzte Sakana, Leitza zein Iruñako gazteek.