Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udalarendako halako sarekadak "abusuzkoak izateagatik onartezinak dira" eta "droga trafikoari aurre egiteko ez dira eraginkorrak". Herritarren artean sarekadak sortutako "tentsioa eta egonezina" ere nabarmendu du Altsasuko Udalak. NaBai, EAE-ANV eta IUN-NEBren aldeko boza, PSNren abstentzioa eta UPNren kontrako bozarekin onartu zen adierazpena. Altsasuko Udalak onartutako kexu idatzian jasotzen denez "Foruzaingoko agenteek tabernetan zeuden herritarrak oin hutsik eta paretaren kontra jarri zituzten eta populazioa beldurrarazi zuten. Herritar askok salatu dute agenteen tratu iraingarri eta harroa". Tabernetako sarrerara ematen zuen kalea moztu izanak eta jendea agenteen aurrean pilatu izanak sortutako "tentsioa" ere salatu du udalak. Udaleko bozeramaileen bileraren aurretik Unai Hualde alkatea Foruzaingoaren buruarekin bildu zen, kexa azaltzeko. Polizi buruak adierazi zionez "halako interbentziotan erabili ohi den kontundentzia" erabili omen zen. Nafarroako beste herri batzuetan ere halako sarekadak egiten direla argitu nahi omen zuen. Bestalde, Barne Departamentuko Zuzendari Nagusiak Altsasuko sarekadaren inguruko berri zehatza eskatu omen dio Altsasuko polizia-etxeari. Hala jakinarazi diote Altsasuko alkateari.