Ez da aitzakiarik bihar Etxarrin ez ligatzeko

Guaixe 2007ko azaroaren 9a

Jaiaren sustatzaileek aditzera eman dutenez, aurtengo festari kutsu erromantikoagoa eman nahi izan diote. Horregatik, iaz torloju eta azkoinak banatu baziren, bihar krabelinak emanen dira euro baten truke, jendeak elkarri loreak opari diezazkion. Txarteltxoak ere eskura izanen dira krabelinak hitz batzuekin lagunduta bana daitezen. Horretaz gain, tabernetan lelo ezberdinetako pegatak izanen dira eskuragarri: "gau honetan maiteko zaitut", "bikotea nahi dut" eta "edozertarako prest" esaldidunak. Horrela, norberak egokien datorkiona aukeratu eta soinean jar dezake gainontzekoei bere asmoen edo nahien berri emateko. Esnegain harrotua lepotik edo dena delakotik miazkatzeko eta izotzak ahoz aho pasatzeko ere izanen dira tabernetan. Halabaina, festak ligatzeko edo hurbilpenerako aukera eskaini arren, antolatzaileek biharkoa "festa bat dela" azpimarratu nahi izan dute, "eta elkarrekiko errespetua ezinbestekoa dela".  EgitarauaFestari hasiera arratsaldean emanen zaio. 18:00etatik herriko tabernetan pintxo erotikoak dastatzeko aukera izanen da. Aurrerapen moduan jakin dugu, beste batzuen artean, "galeper arrautza frijituak Sakanako txistorrarekin", "ostrak limoi zukuarekin", "esparrago puntak maionesa eta errusiar entsaladarekin"... moduko pintxo dastagarriak izanen direla. Mokadutxo horiekin nahikoa izan ez duen ororentzat Etxarri Aranatzeko gaztetxean afaria izanen da. Ordurako ere menu berezia prestatu dute antolatzaileek: sartu-aurrekoak ahoa zabaltzeko, pasioaren budina ondoren, zezen buztana belar pizgarriekin ostean, platano errea txokolatearekin azken-burukorako eta amaitzeko kafea koparekin. Afarirako izena eman nahi duenak txartelak tabernetan ditu eskuragarri. Afalondoa Azkoiengo Txurreroak, transformista-drak queen denak, animatuko du. Afaldutako dena jaistekoa, 00:30etik aurrera herriko plazan musika izanen da Unsain Anaien eskutik. 2:30ean bestalde, Miss Neskazaharra eta Mister Mutilzaharraren izendapena eginen da plazako kioskotik.