Ziordiko abesbatzen jardunaldiak aurrera

Guaixe 2007ko aza. 9a, 00:00
Jardunaldiko plater nagusia larunbatean jarritakoa da. Aurten Bartzelonako Institut de Gospel abesbatza etorriko da. Musika mota hori interpretatzen duen munduko abesbatzik onenetariko bat da. Abesbatzak hiru formaturekin eman ditzake emanaldiak. Ziordian formazio ertaina izanen da. Hau da, 60 pertsona izanen dira jendaurrean. Gospel doinuekin gozatzeko aukera aparta izanen da, beraz, bihar Ziordian. AizpeZiordiko abesbatzak 3 urte eta erdiko historia du. Bere 30 kideak, bospasei altsasuar eta olaztiar kenduta ziordiarrak dira, astelehenero Josemi Martisen esanetara jartzen dira. Jardunaldiak direla eta, astelehenekoaz gain ostiraletan ere biltzen dira entseatzera, 21:30etik 23:00etara. Josemi Martis zuzendariak esan digunez, pixkanaka aurrera egiten ari dira. Berak abeslariek duten ilusioa nabarmendu digu, "hori da garrantzitsuena". Jardunaldiez gain, Aizpe abesbatzak azaroaren 18an hitzordua Donostian du, Santa Maria elizan. Abenduan Bastidan izanen dira kantatzen eta atzerrira joateko gogoa ere piztu zaie. Bestalde, Ziordiko Udalarekin hitzarmena sinatzeko asmoa du abesbatzak. Zuzendariak aurreratu digunez horrek herrian data esanguratsuetan abesteko bidea emanen du, esaterako, patroiaren egunean, Olentzero egunean...AntolakuntzaIazko jardunaldiak despeditu eta berehala hasi zen Aizpe abesbatzeko zuzendaria aurtengoa izan zitekeenaren zirriborroa egiten. Baina lana azken 6 hilabeteetan egin dute. Antolaketak Aizpe abesbatzarendako antolakuntza eta ekonomia aldetik ahalegin handia dela aitortu digu Josemi Martisek. Gainera, urtetik urtera kalitatean gora egiten ari da jardunaldia. Gainera, formatu egokiarekin topo egin dutela, ostegunetik larunbata bitarteko emanaldiak. Aizpe abesbatzak antolatzen dituen jardunaldiek berezitasun bat dute. Egunero mahaiaren inguruan afaltzen bukatzen dutela. Horrek abesbatzen arteko harremanak estutu eta emanaldien elkartrukea egiteko balio izaten du.