Ur beltzak eta erreketakoak bereizteko lanak presazkoak direla deklaratzeko eskatu du udalak

Guaixe 2007ko azaroaren 13a

Iturmendin, egun, Txorralde, Zirrinkale, Consistorial eta Barrenkale kaleetan saneamendu sareak eta zoladura berritzeko lanak egiten ari dira. Lan horiek baliatuz saneamendu sarea alde batetik egiten ari dira eta herria zeharkatzen duten bi erreken lurpeko kanalizazioa bestetik. Hori herri-guneko lanetan horrela egiten ari da. Baina araztegira eramateko hodiarekin bat egiterakoan ez da hori gertatzen. Iturmendiko Udalak azaroaren 5ean Nafarroako Gobernuarekin egindako bilkuran eskatu zion ur beltzak araztegira eta erreketako ura ibaira eramanen dituen lanak egiteko eta lan horiek presazkoak direla deklaratzeko. Hala balitz lanak lehenbailehen eginen lirateke eta Bakaikuko araztegia erabilgarri litzateke. Iturmendiko Udalak, gaur egun, ezin dio tamaina horretako lan bati erantzun, ezin baitu aurrekontua estali. Oraindik ere udaletxeko lanak ordaintzen ari da eta kaleetakoei aurre egin behar die.