Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Probaren aurkezpena asteazken goizean egin zuten Arbizuko udaletxean Cristina Hirigaraik, Irañetako alkateak, Fran Arañak eta Gorka Iriartek, Arbizuko zinegotziek eta Amaia Gerrikagoitiak eta Nerea Martinezek, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikariek. Aurkezpenean atletismoak ibarrean dituen erroak eta garrantzia aipatu zituzten, eta igandeko proba atletismoari bultzada emateko modua zela adierazi zuten. Lasterketak 6.200 euroko aurrekontua du, aurrekoetan baino askoz ere handiagoa. Igoeraren arrazoiak izan dira: medikalizatutako anbulantzia egon beharra eta sinatu beharreko aseguruaren prezioaren igoera. Izen emateaIgandeko lasterketan parte hartu nahi duen inor egonez gero, horretarako aukera izanen du igandean bertan. Izan ere, Arbizuko udaletxean, 10:00etatik 11:00etara izena emateko epea zabalduko da. Interesatuek baina, helduen kasuan 8 euro ordaindu beharko dituzte. Izena ematen duten lehen 150 korrikalariek oroigarria izanen dute. Arbizutik Irañetara korrikalarientzat autobusa izanen da 11:15ean, proba handik hasiko baita. Sariak Emakumeendako eta gizonendako sariak 13:30ean banatzea aurreikusten da eta bientzat berak izanen dira, hauexek:1. 300 euro eta garaikurra.2. 150 euro eta garaikurra.3. 90 euro eta garaikurra.4. 60 euro.5. 48 euro.Gazteen mailako 1. garaikurraBeteranoen mailako 1. garaikurra Lehen sailkatzen diren emakume eta gizon sakandarrek oroigarria jasoko dute. Horretaz gain bestelako sariak ere izanen dira. Ohi bezala Sakanako herrien arteko lehiaketa izanen da. Herri bakoitzeko lehen 3 sailkatuak izanen dira kontuak sari hori emateko. Herri irabazleko korrikalariek Etxarri Aranazko Iturri Eder jatetxean 2 pertsonarendako 3 afari jasoko dute sari gisa. Gainera, parte-hartzaile sakandar guztien artean Arbizuko Karrika jatetxean 2 pertsonarendako 3 bazkari zozketatuko dira. Proba despeditu eta gero Aldabide elkartean parte-hartzaileendako auzatea izanen da. Txikienak lehenengoHelduak eguerdian abiatuko dira Irañetatik, baina ordurako hainbat korrika saio eginak izanen dira Arbizun bertan. Izan ere, 10:00etatik aurrera haur eta gazteendako probak iragarri dira. Haietan parte hartu nahi dutenek 9:00etatik 10:00etara bitartean dute epea Arbizun izena emateko. Antolatzaileek 100 korrikalari gazte espero dituzte. 10:00etan hasiko da lehen lasterketa. Benjaminek Arbizun bertan prestatutako zirkuituan 400 metroko ibilbidea osatu beharko dute. Haiei alebin mailako atletek hartuko diete lekukoa. Aurrekoen lana bikoiztu eta 800 metrotan neurtuko dira. Haurren mailako neska-mutikoek 1.200 metroko luzera ibili beharko dute. Azkenik 1.600 metroko distantzian lehiatuko dira kadete mailako korrikalariak. Gazte mailako atletak helduekin batera ariko dira. Guztiak ere Arbizuko Karrika Nagusian prestatu den 200 metroko zirkuituan neurtuko dira. Gaztetxoentzat ere izanen dira sariak. Arbizun 10:45ean banatuko direla aurreikusten dute antolatzaileek. Benjamin, alebin, haur nahiz kadete maila bakoitzeko 3 korrikalari azkarrenek garaikurrak jasoko dituzte.