Estatuak ordainduko ditu udal musika eskolako lanak

Guaixe 2007ko azaroaren 19a

Bi urte barruAlkateak prentsaurrekoan adierazi zuenez, "lortutako finantziazioarekin 2008an eraikineko bi solairuak egokitu eta Altsasuko musika eskola errealitate bihurtzea lortuko dugu". Aurreratu zutenez lanek 8 hilabete iraungo lukete eta ikasleek eraikin berria 2009an mustuko lukete. Udal agintariak ere pozik zeuden horrek guztiak "0-3 urte bitarteko haurrendako ziklo publikoa egiteko lanak aurreratzeko aukera ematen duelako". Lan horiek 2009-2010erako zeuden aurreikusiak. Zentro hori Navarro Villoslada eraikinean eginen litzateke. Nabarmendu zutenez, "aurreko legegintzaldian gure taldeek, jadanik, Altsasun hezkuntza arloan hainbat inbertsio egitea planteatzen zuten eta horiek dira garrantzitsuenak". Hautetsi altsasuarrek agerraldian nabarmendu zutenez: "lan horiekin eta musika eskolaren funtzionamenduan izaten ari diren aurrerapenekin, Udal Musika Eskolari Sakanako erreferentziazko eskola bihurtzeko azken bultzada ematen zaiola uste dugu". EgitasmoaKonpasioko mojen eskolako izan zenaren goiko bi solairuak hartuko dute udal musika eskola. Bigarren solairuan, udal musika eskolako lehena, ezkaratza eta eraikineko bi hegaletara eramanen duten pasabideak izanen dira. Solairu horretan instrumentuak ikasteko 9 gela izanen dira. Haien tamaina 15 eta 24 metro karratu bitartekoak izanen dira, horrela tresna bakoitzaren sonoritatera egokituko dira. Horrekin batera solairu horretan musika hezkuntzako 4 gela (30 m2koak), liburutegi-fonoteka, atezainaren kabina, administrazio bulegoa, irakasle gela eta komunak izanen dira. Azken atal horiek erdialdean kokatuko dira. Goiko solairuak ezkaratzaz gain hartuko ditu: balio anitzeko entsegu bi gela (80 eta 150 m2koak); perkusioko instrumentuendako gela; zuzendariaren gela eta komunak. Azken horiek ezkaratza ondoan egonen dira. Entsegu gelek 4 metroko altuera izanen dute eta orkestra, banda edo ikasleen emanaldietarako egokiak izan daitezke.