Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
EztabaidaTurismo Zerbitzuaren inguruko gaiak mankomunitateko kideen artean eztabaida sorrarazi zuen. Erakundeko buruak adierazi digunez, "Sakanako garapena arloka landu nahi dugu. Orain turismoa izan daiteke, baina gero beste arlo bat izan daiteke, karriken garbiketa, esaterako. Garapena arloka landu nahi dugu eta elkar bat eginez". Migel Angelek gehitu duenez "landu nahi diren arloak zein diren udalek esan beharko dute. Zein zerbitzu behar dituzten udalek esan beharko dute, hura egituratu eta mankomunitatetik zerbitzua emateko". Mankomunitateko batzordeen izaeraz galdetuta, Sakanako Mankomunitateko lehendakariak esan digu "zabalak" izanen direla eta "arloko eragileek ere tokia" izanen dutela. Hori da bere ustea eta nahia. Bere ustez, "batzordeek diotena batzarrak berrestea da normalena, batzordetan ere udalak ordezkatuta daudelako". Aldi berean, Migel Angelek nabarmendu du "partzuergoan ere gehiengoa udalek zuten". EkintzaileakEAE-ANVk batzarrean lehenik eta behin gogorazi zuen Sakanako Mankomunitatea Garapen Partzuergoko kide zela. Horregatik alderdi ekintzaileak galdetu zuen: "zergatik ez zen mankomunitatean partzuergoari buruz eztabaidatu? Zergatik eraman zuen mankomunitateko lehendakariak bere iritzia partzuergoko bilerara?". EAE-ANVk azaldu zuen, turismo zerbitzua martxan jartzeko asmoarekin partzuergoaren gaineko eztabaida "bukatu" egiten dela. Mankomunitate eta partzuergo erakundeen arteko ezberdintasunak ere mahai gainean gelditu ziren asteleheneko eztabaidan. Ekintzaileek nabarmendu zuten mankomunitatean erabakiak politikoek hartzen dituztela eta "eragileen parte hartzea borondate politikoaren menpe" dagoela. Eragileen parte hartzea partzuergoan juridikoki bermatua dagoela azpimarratu zuten, baita erakunde paraleloak ez liratekeela izanen ere. EAE-ANV "turismoa barne hartuko duen garapen integrala lantzearen alde" agertu zen, baina zein erakundearen bidez landuko litzatekeen aztertzea eskatu zuen. Ekintzaileek partzuergoaren aldeko hautua egin zuten.