Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
IbilaldiaLarunbatean, 9:00etan abiatuko dira ibiltariak Izurdiagako geltokitik. Egitasmoaren trazatuak Uharte Arakileraino eramanen ditu. Beraz, aurreneko ibilbide horretan Arakilen AHT-k ikututako eremuak bisitatuko dira. Antolakuntzak esan duenez, bidea bizikletan ere egin liteke. Indarra hartzeko Itsasperrin eta Hiriberrin geldialdiak eginen dituzte. Oinezkoak behin Uharte Arakilera iritsi eta gero, antolatutako Aralar Mendi elkartean izanen den bazkarian parte hartzeko aukera izanen dute. Horretarako, ohiko tokietan txartelak erosiak (10 euro) izan behar dituzte. Bazkal ondoren, Uharten bertan, erosketa gabeko nazioarteko eguna dela kontuan izanda, Nekane Jurado ekonomistak kontsumismoari buruzko hitzaldia emanen du. 16:30ean izanen da hori. Sakanako AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako egitaraua 18:00etan Uharteko plazan eginen den kontzentrazioarekin despedituko da. Sakanako AHT Gelditu! Elkarlana taldeak aurreratu duenez etorkizunean beste martxa batzuekin osatuko dute "AHT-k ibarrean izanen lukeen ibilbidea". Hala, abenduan Uharte Arakil eta Etxarri Aranatz arteko trazatua ezagutzeko ibilbidea aurreikusi da eta ilbeltzerako Etxarri Aranatz eta Altsasu artekoa.