Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lehena Sakanako Bilgune Feministak deitutako kontzentrazioa da. Igandean bertan izanen da, 19:00etan, Etxarri Aranazko plazan eta Emakumeon kontrako indarkeriarik ez leloa izanen du. Altsasuko elkarretaratzea 19:30ean izanen da Foruen plazan eta eraso sexistarik ez leloa izanen du. Deialdi hori Altsasuko Feministak eta Bilgune Feministak egin dute. Altsasuko Udalak bat egin du Nazio Batuen Erakundeak domekari emandako izendapenarekin. Bando bidez udalak adierazi du "tratu txarrak jasaten dituzten emakumeekiko elkartasun sendoa" agertzen duela, "baita pairatzen duten indarkeria erabat errefusatzen duela" ere. Udal Emakumeen Batzordeak domeka eguerdirako Foruen plazan kontzentrazio isila deitu du. Indarkeriaren biktimak diren emakumeak gogoan ezkilak joko dira eta hildako bakoitzeko loreak jarriko dira. Udalak herritarrak animatu nahi ditu indarkeriaren aurkako ekitaldietan parte har dezaten, "emakumeen arazoa ez ezik, denon arazoa baita".