13 eragile berrik eskuratu dute Bai Euskarari ziurtagiria

Guaixe 2007ko azaroaren 26a

HitzakOsteguneko ekitaldian hitza hartzen lehena ibarreko euskalgintzako ordezkari Erkuden Barandiaran izan zen. Sakanako Mintzakide programako teknikariak azaldu zuen Bai Euskarari euskalgintzaren gidaritzapean, eta Sakanako Mankomunitatearen babesarekin, martxan jarri zela. Ziurtatu zuenez horretan datza proiektuaren "arrakastaren gakoa". Sakanako Mankomunitateko buru Migel Angel Zubiriak, bestalde, ziurtagiria jaso duten guztiak zoriondu zituen. Horrekin batera, "bide horretan, konpromisoaren bidez, sakontzeko" eskatu zien. Zubiriak gehitu zuenez, "argi dago sakandarrek bai euskarari esaten dutela". KontseiluaXabier Mendigurenek, Kontseiluko idazkari nagusiak azpimarratu zuen "erakundeekin batera euskalgintza klan egiten duenean emaitzak lortzen dira. Horrek ziurtagiri gehiago ekarri ditu". Nafarroa ziurtagiri gehien duen herrialdea zela nabarmendu zuen. Horretaz gain, "ziurtagirien atzean euskararen alde lan egiten duen jende eta erakunde gehiago" daudela esan zuen. Ziurtagiria jaso dutenei lanean jarraitzeko animoa opa zien Xabier Mendigurenek. Garapena1.500 entitate inguruk eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan. 6 urte pasatu dira Sakanan Bai Euskarari Akordioa martxan jarri zenetik. Hasi bezain pronto, 215 entitatek sinatu zuten Bai Euskarari Akordioa Sakanan. Hauetatik 109 entitatek parte hartu zuten Sakanako Euskara Plan Estrategikoan eta 74k konpromisoak hartu zituzten normalizazioaren bidean. 2003an 34 entitatek eskuratu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria; 2005ean 40k; 2006an 64k eta 2007an 69 izan dira. Aurten 13 eragilek eskuratu dute lehenengo aldiz Bai Euskarari Ziurtagiria eta beste bik maila igotzea lortu dute. "Zerbitzua euskaraz maila" eskuratu berri dute hain zuzen ere, Martxueta Liburudendak eta Karrika Tabernak. Guztira, esan bezala, 69 eragilek dute ziurtagiria.