Sandra Vilches Bengoetxea, Miss Nafarroa

Guaixe 2007ko abe. 12a, 00:00
Aurre sailkapenen ondoren 16 hautagai iritsi ziren Miss Nafarroako azken saiora. Epaimahaiak Mister saria Berriozarko Rafael Suarez Vaquerori ematea erabaki zuen eta miss saria Sandrak eskuratu zuen. Izurdiagakoak 24 urte ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ekonomia ikasten du eta aldi baterako lan enpresa batean kontsultorea da. Bere etxean "oso pozik" hartu dute izendapena.PrestakuntzaAstearte arratsaldean Sandrak adierazi zigunez tituluarekin "oso pozik nago. Harro, bilatzen nuena baita". Izurdiagakoak 3. aldia zuen lehiaketara aurkezten zela eta "hirugarrenean bai!" esaera bete egin dela esan daiteke. Aurreko aldietako esperientziak balio izan dion galdetuta erantzun zigun "bai, aldeko puntu handia da. Esperientzia zuten beste parte-hartzaile batzuk ere bazeuden. Hala ere, halakoetan edertasuna, heldutasuna, desfilatzeko eta adierazteko erak... guztia hartzen da kontuan. Beste lehiaketa horietara (Espainiakoa) joateko gauzak garbi izan behar dituzu. Horretarako heldutasun apur bat behar da". Sandrak azaldu digunez aurten lehiaketa "serioago hartu dut", horregatik "zaindu egin naiz eta burua ere dexente prestatu dut". Esan digunez, "sartuta nuen arantza atera dut eta Miss España lehiaketara joateko aukera izanen dut". Hala ere, Sandrak oinak lurrean ditu: "errealista izan behar da. Zaila da titulu hori lortzea. Hori bai, ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz". Lehiaketa otsaila edo martxoan eginen da. Miss Nafarroa tituluak ematen dizkion aukerak "aurten topera aprobetxatzeko asmoa" duela esan digu. Tituluak bere burua modaren munduan ezagutzera emateko aurkezpen txartel ederra eman dio.