Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erregionalistek turismoaren sustapena eta garapena udaletik egitearen alde agertu ziren. Ekintzaileek, berriz, azaldu zuten gaia ibar ikuspegitik lantzearen alde zeudela, baina proposamenak partzuergoari ateak ixten zizkiola. EAE-ANVrendako partzuergoa "eragileen parte hartze zuzena bermatzen duen formula bakarra da". Sakanaren garapen integrala bultzatuko duen partzuergoaren alde agertu zen. EAE-ANVk partzuergoaren inguruan aurkeztu zuen mozioa bilkurak ez zuen onartu.Ezker Batuak, bestalde, baiezkoa eman bazuen ere, ibarreko zerbitzu batzuen sorrera bultzatzearen premia azpimarratu zuen. Bi aipatu zituen: etorkinen harrerarako eta integraziorako zerbitzua eta industria lurra sustatzeko zerbitzua. Partzuergoaren eta orain arte egindako guztia mantentzearen alde agertu zen. SuhiltzaileakAltsasuko Udalak, aho batez, erabaki zuen babesa ematea herriko suhiltzaileen parkeko langileen eskaerari. Horretaz gain, Nafarroako Larrialdi Agentziari udalaren kexa ezagutzera ematea erabaki zen. Jakina denez, suhiltzaileak kexu dira, aurki, egungo plantila 26 langiletik 21era murriztuko delako. Horrek txanda bakoitzean 3 suhiltzaile egotea ekarriko du eta profesionalak ez daude horrekin ados, zerbitzuaren kalitatean murrizketa emanen delako. Horregatik, lan txanda bakoitzeko gutxienez 4 suhiltzaile egotea eskatu dute. ZergakAltsasuko Udalak, aho batez, erabaki du heldu den urteko zerga-tasak % 3,4 igotzea. Salbuespen bakarra Aita Barandiaran Erresidentzia da. Hango tasak % 5 igoko dira, hileko kuota 777,26 eurotan gelditu arte. Izan ere, udalak erabiltzaileek ordaintzen dutena Nafarroako beste erresidentzia batzuetan ordaintzen denarekin berdintzeko asmoa du eta, hala, urtero pixka bat igotzen du tasa hori. Bestalde, EAE-ANVk eskatuta, Ogasun Batzordeak aztertuko du jai egunetan Altsasuko erakundeek barrakak jartzeagatik ordaindu behar den edo ez. Ekintzaileek herriko erakundeendako barrakak jartzea dohainik izatea eskatu dute. Horretaz gain, batzorde horretan aztertu eginen da Sakanako Mankomunitateak udal kirol azpiegiturak erabiltzeagatik zerbait ordaindu behar duen edo ez. Aldian behingo ekitaldiak badira ez kobratzea eta jarraituak badira %20ko hobaria ematea da proposamena. Horrekin batera, herriko erakundeek udal eraikinen erabileragatik ez ordaintzeko aukera izatea proposatu zen, baldin eta eginen den jarduera altsasuarren intereserako bada.