Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Klinikako langileek adierazi zutenez, "lan baldintzak hobetu eta prekarietateari aurre egin nahi diogu". Langileen ordezkariek azaldu zutenez "lan egutegia zehaztea, soldatak igotzea (KPI + %3), lan ordu extrak eta kontratu ezberdinak bateratzea eskatzen dugu". Langileak kexu dira antzeko zentroetan baino lan baldintza eskasagoak dituztelako eta "horren ondorioz langileak joan egiten dira. Horrek zerbitzuan eragina du". Haien aldarrikapenekin erietxeko zuzendaritzari proposamena aurkeztu zioten lastaila akaberan eta ez omen zuen onartu. Horren aurrean langileek protesta deialdiak egitea erabaki zuten. Heldu den astearte eta ostegunerako geldialdiak deitu dituzte. Lan uzteak 10:00etatik 12:00etara izanen dira eta gutxieneko zerbitzuak izanen dira. Langileen esanetan "geldialdiak egitera behartuta ikusi gara. Baina geldialdiak egin aurretik zuzendaritzaren proposamena jasoz gero hitz egitera esertzeko prest gaude". Klinikan 50 bat langile daude, gehienak emakumeak, eta haien 3 ordezkariak ELA sindikatukoak dira.ZuzendaritzaKlinika zuzentzen duen patronatuak greba deialdiaren berri izan ondoren bilera egin zuen eta erabaki zuen, lehenik "greba batzordeari deialdia bertan behera uztea eskatzea eta, hala ez bada, gutxieneko zerbitzuak negoziatzea". Horrekin batera klinikako zuzendaritzak erabaki zuen "ilbeltzaren 2an negoziazio prozesu formala abian jartzea, 2008-2011 aldirako enpresa paktua sinatzeko helburuarekin". Langileak, ordea, kexu dira: "ez digu inolako edukirik erakutsi". Zuzendaritzak erabakitakoaren arabera, urte hasierako bilera horretan "patronatuak langileek aurkeztutako proposamenaren balorazioa eginen du eta, horrekin batera, zuzendaritzak bere proposamen formala aurkeztuko du, Arfe-Felipe Lecea Fundazioaren ekonomia eta finantza kontuan izanda, soldatak eta antolamendu gaiak barne". Hori erabaki zuen patronatuak. Klinikako zuzendaritzak bilera egin zuen egun berean jakinarazi zien bere erabakia langileen ordezkariei eta publiko egin zuen.