Eskolako lokalak erabiltzeko araudia onartu du udalak

Guaixe 2007ko abenduaren 13a

Araudi berrian jaso denez, ikastetxeko jangela erabili nahi duenak 200 euroko abala eman beharko du aurretik. Bestalde, Irurtzungo Udalak erabaki du heldu den urtera begira zergak % 3,5 igotzea. Bi salbuespen daude, hiri kontribuzioa eta plusbalien tasak. Biak dauden bezala geldituko dira. TurismoaMankomunitatearen baitan turismo zerbitzua sortzearen alde agertu da Irurtzungo Udala. Erabaki hori hartu zuen abenduaren 4an izan zen bilkuran. Nafarroa Bai alde agertu zen. Hala ere, koalizioak eskatu zuen "mankomunitatea prestatzen hasi dadila ibarreko garapen integrala lantzen hasteko". Bozketan UPN abstenitu egin zen.EAE-ANV aukera horren kontra azaldu zen. Ekintzaileendako "Sakanako Garapen Partzuergoa da behar dena. Han turismoaren gaia nahiko ongi bideratuta zegoen". Orain turismoa mankomunitatearen bidez lantzean "gizarte eragileek parte hartze zuzena izateko eskubidea" ez zela bermatzen nabarmendu zuten ekintzaileek. MozioakIrurtzungo Udalak Nafarroa Bairen bi mozio ere onartu zituen. Haietako batean udalak 18/98 sumarioko auzipetuen atxiloketa salatu zuen eta haiek berehala libre gelditzea eskatu zuen. Udalak Espainiako Gobernuri eskatu zion ezarritako zigorrak bertan behera uztea eta preso hartutakoak askatzea. NaBai eta UPNren aldeko bozekin onartu zen mozioa. Dirudienez erregionalistak okertu egin ziren. EAE-ANV abstenitu egin zen. Bestalde, udal bilkura berean, Irurtzungo Udalak Capbretoneko atentatua salatu zuen. Jakina denez, haren ondorioz bi Guardia Civil hil ziren. NaBai eta UPNren aldeko bozekin eta ekintzaileen abstentziarekin onartu zen mozioa. Azken bilkuran, Irurtzungo Udalak bere egin zuen Arakilgo Udalak abiadura handiko trenaren inguruan aurkeztutako mozioa. Agiri hartan eskatzen da "Nafarroako garraio behar errealak zein diren aztertu eta eztabaidatu dadila, ingurumen-inpaktu eta gizarte kostuei dagokien txostenekin batera". Horrekin batera, Arakilgo Udalak eskatu du "Nafarroako trenbidearen etorkizuna eta Europarako lotura egungo azpiegitura erabiliz eta hobetuz egitea eta bidaiariak eta merkantziak eraman ditzala". Indar guztiak alde agertu ziren.