Geldialdia deitu zuten sindikatuek "bidegabekeria judizial eta politikoaren" aurka egiteko mobilizatzera deitu zuten. Deitzaileendako "bultzada politikorik gabe halakorik ezin daiteke ulertu". Haien ustez 18/98 auzian auzipetuak dauden pertsonak "ekinbide sozial eta politikoen bidez aldaketa politikoaren alde lan egiteagatik zigortu" dituztela azaldu zuten. Datuak12:00etatik 13:00etara, atzo, hainbat sakandar karrikara atera ziren lanpostua utzita. Ibarrean 5 bilkura deitu ziren. Irurtzunen Hydro eta Sapa enpresen aurrean 35 pertsona bildu ziren, gehienak Sapa lantegikoak. Herritar eta dendari batzuk ere batu zitzaizkien. Etxarri Aranazko plazan elkartu zirenak 120 izan ziren. Herritar ugariren artean Etxarri, Arbizu eta Lakuntzako langileen buzoak nabarmentzen ziren. Bilkurak iraun zuen bitartean Guardia Civila presente egon zen. Altsasun 3 bilkura zeuden deituta. Plazakoan 275ek egin zuten protesta. Han DBHko eta LHko ikasle ugari eta institutu eta ikastolako irakasleak ere izan ziren. Ibarrea industrialdean Ispording, Sunsundegui, Gamesa eta enpresa txikietako 50 langilek egin zuten ordu bateko bilkura. Guardia Civila eguerdian agertu zen, baina berehala joan zen. Ondarrian Eguzkia, Zurgain, Ramos, Olaztiko Udaleko langileak eta lantegi txikietako langileak bildu ziren, guztira 35. Horretaz gain, 20:00etan LAB sindikatuak deituta, manifestazioa egin zen Altsasun eta 250 pertsona bildu ziren. Lan uzte deialdiak zenbait enpresetan delegatuen eta enpresa batzordeen gehiengoaren babesa jaso zuen: Aceros moldeados, Olaztiko Udala, GH gemma, Granjas Dos Hermanas, Etxarriko Ikastola, Lacunza Calor de Vida, Leitzako Udala, Sakanako Mankomunitatea, Proximed, Ramos, Saprem, Sarrio, Utzubar eta Zurgai. LABek bakarrik deituta, zenbait enpresatan puntualki jendeak geldialdia egin zuen: Sapa, Laneko SAL, Omnia, Magotteux, Sunsundegui, Hisphording eta Eguzkia NHK. Sakana Coop lantegian txanda aldaketan egin ziren geldialdiak. Etxarri Aranazko, Lakuntza eta Arbizuko herrietan dendek itxi egin zuten eta itxiera hori partziala izan zen Irurtzunen eta Altsasun. Irakaskuntzari dagokionez, lan uztearen deitzaileek jakitera eman digutenez, Atakondoa eskolan 13 langilek egin zuten lan uztea eta 20k Andra Mari ikastolan. Lakuntza eta Urdiaingo eskoletan gutxieneko zerbitzuak izan ziren. Iñigo Aritza ikastolan 34 langilek eta DBHko ikasleek utzi zuten lana. Aralarko Mikel Donea ikastetxeetan 30 langile eta ikasleak gelditu dira.