NaBaik mankomunitateko euskara zerbitzua deszentralizatzea proposatu du

Guaixe 2007ko abenduaren 17a

Ostiraleko prentsaurrekoan, mankomunitateko lehendakari Migel Angel Zubiria, Euskara Batzordeko buru eta ordezko Jonjo Agirre eta Eduardo Urrestarazu eta mankomunitateko kide diren Maider Goñi eta Iñaki Miguel izan ziren. Jakitera eman zutenez koalizioaren mankomunitateko hizkuntza politikak 10 ardatz izanen ditu. ArdatzakNaBaik euskara batzordeko araudian zenbait aldaketa egitea proposatuko du. Koalizioaren helburua da "udalei zerbitzua ematea lehentasunezkoa" bihurtzea eta horren barruan "langileen euskarazko prestakuntza planei eta normalizazio planei ekitea". Batzordean "parte hartzeko aukera gizarteko esparru zabalagoei zabaldu" nahi die koalizioak eta udalei "erabaki ahalmena itzultzea". Horretaz gain, "udalak euskararen normalizazioaz gehiago arduratzea" nahi du NaBaik. Euskara zerbitzua mankomunitateko egoitzan lan egiteaz gain, 3 azpi-eskualdeetako buruetan lan egitea proposatu du koalizioak, hau da, Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Horrekin batera, "lehenik Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olaztiko normalizazio planak diseinatu eta abiaraztea" proposatzen dute. Aldi berean, euskara ordenantzak dituzten udalen araudiak "eguneratu eta egokitu" eta "ez dagoen udaletan lehenbailehen osatu". Nafarroa Baik "dirulaguntza politika berraztertzea eta egun dauden hitzarmenak berrikustea" proposatu du. Horrekin batera, euskara zerbitzuak dituen "egungo helburu kopurua murriztu eta dauzkagun baliabideei egokitzea" proposatu du koalizioak. Aldi berean, "euskara zerbitzuko arduraduna izendatu eta itzulpen zerbitzua azkartzen jarraitzea" mahai gainean jarri du NaBaik. Azkenik, "herrietako errealitateei egokitutako sentiberatze neurriak" ere proposatu ditu. ErantzunaSakanako Mankomunitateko Nafarroa Bai taldeak ostiraleko prentsa agerraldia baliatu zuen erantzuteko "talde jakin batzuek" ekin dioten "kutsu partidista nabaria duen kanpainari". Aurreko astean koalizioko kide zenbaitek nabarmendutako ideiak azpimarratu zituzten eta gehitu zuten: "akusazio faltsuek kalte egiten diote egiten duenari, euskarari berari eta sakandarron arteko elkarbizitzari".