Larunbatean Burlatan Nafarroako udalen bilera egin zen. Herrialdeko 118 udaletako 180 bat parte hartzaile bildu ziren. Bilkuran ondare publikoaren defentsan azaldu ziren eta kristau erlijio tokiak udalenak direla esan zuten. Iruñeko Artzapezpikutzak erlijio tokiak bere izenean erregistratzearen aurka azaldu ziren bildutakoak. Bileran erabaki zen lanean jarraitzeko Nafarroako Ondarearen Defentsarako Udal eta Kontzejuen Batzordea sortzea. Batzordeak 12 kide izanen ditu eta haietako 2 Sakanako alkateak dira: Irurtzungo Txiki Iriarte eta Altsasuko Unai Hualde.
Batzorde horren lehen egitekoa, batetik, bestelako erakundeen aurrean udalak ordezkatzea eta presioa egitea izanen da. Eta, bestetik, gida moduko bat sortuko du. Elizak erregistratu ez dituen tokiak udalak bere izenean nola erregistratu edo elizak erregistratu dituen tokiak udalaren eskutara bueltatzeko eman beharreko urratsak jasoko ditu gidak.