Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bakaikuko Udalak antolatutako egitaraua haren omenezko meza batekin hasiko da. Elizkizuna 17:30ean izanen da. Ondoren, 18:00etan, eginen da omenaldia eskola zaharren plazan. Hildako almintea gogoan izateko plaka bat jarriko da hark aldatutako intxaurrondo ugarietako baten ondoan. Plaka agertzearekin batera Jose Manuelen omenez aurreskua dantzatuko da. Egitaraua Los Diamantes talde beteranoaren kontzertuarekin despedituko da. Musikari sakandarrak oso ezagunak izan ziren 70eko hamarkadan Sakanan eta Iparraldean. Musika emanaldia 19:00etan izanen da eta auzatea ere egonen da. Bakaikuko Udalak herritarrak eta sakandarrak parte hartzera deitu ditu. Kultur asteaBakaikuko Udalak, bestalde, urteko azken asterako kultur astea antolatu du. Kultur astea Patxi Ondarra zenari eta bere lanari eskainiko zaio. Hala, euskara, etnografia, historia eta bestelako arloak ikutuko dira omenaldian. Ostegunean abiatuko da kultur astea. 19:00etan, herriaren etxean, erakusketa zabalduko da. Patxi Ondarraren argazkiak, lanak eta beste jaso dira erakusketan (astez 19:00etatik 21:00etara eta domekan 12:00etatik 14:00etara). Erakusketa urte akaberara arte izanen da zabalik. Ostegunean bertan, 19:30ean, Jose Luis Erdoziak Bakaiku eta Burundako euskara hartuko ditu hizketa-gai. Kultur astea domekara arte luzatuko da.