Cinquera herriko alkatea bihar bisitan izanen da

Guaixe 2007ko abenduaren 20a

Altsasuko Udalaren laguntzari esker El Salvador iparraldeko Cabañas departamentuko Cinquera herriko 16 ikaslek bekak jaso dituzte. Ikasketak bestelako etorkizuna garatzeko aukera emanen die. Horren berri ematera dator bihar eguerdian Iortiara Cinquerako alkatea. Iortian izanen den ekitaldian, Cinquerako 10 urtetik gorako haurrek prestatutako DVD bat ikusteko aukera izanen da. Emanaldi horretan haurrek euren etorkizunaz, euren errealitateaz eta bestelakoez azalpenak ematen dituzte. Horren ondoren Cinquerako alkateak hartuko du hitza. El Salvador herriko alkateari egindako harrera beste bideo emanaldi batekin despedituko da. Altsasuko Udalak ikasleei bekak emateaz gain bestelako proiektuak ere lagundu ditu Cinqueran. Esaterako, ingurumen arlokoak. Udalak altsasuarrak harreran parte hartzera gonbidatu ditu. Bihar joan ezin duenak, alkatea gaur iluntzean Zubi Ondo elkartean emanen duen hitzaldian entzuteko aukera izanen du. Ondoren afaria izanen da. Izena elkartean bertan eman behar da. CinqueraHura menditsua da. Gerra garaian militarrek aire erasoekin gogor jo zuten inguruan eta guztiz hustuta eta deseginda gelditu zen. Egun jatorrizko biztanle batzuk, gerrilari ohi batzuk eta joan berri diren biztanleak bizi dira, 2.311 biztanle guztira. El Salvadorreko inguru horretan gerrak utzitako arrasto nabarmenetako bat azpiegitura gabezian edo egoeran dago. Bizi iraupeneko nekazaritza eta abeltzaintza da biztanleen ogibidea. Bizi izateko biztanleek natur baliabideak erabiltzen dituzte. Baina erabilera hori ez da beti zuzena eta ingurumen kalteak sortzen dira balio ekologiko handiko inguru batean. Hori dela eta, hainbat gobernuz kanpoko erakunde ingurumena zaindu eta zainketa horrekin bideragarriak diren produkzio molde alternatiboak garatzen hasi dira. Lakuntzan ereGaur, ostirala, 19:00etan, Lakuntzako Udalak harrera eginen die El Salvadorreko Cinquera herriko ordezkariei. Ondoren, Cinquerako alkateak eta eskolako arduradunak hitzaldia eskainiko dute udaletxeko aretoan.