Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iazko garilaren 20an mustu zen Gauez gau ikuskizuna. Baina ez zen iazko emanaldi bakarra izan. Mungian Olentzeroren etxea mustu behar zela eta Aritza Bergara marrazkilariarekin jarri ziren harremanetan arduradunak eta hura irurtzundarrez gogoratu zen. Izan ere, Gauez gau ikuskizuna prestatzeko Porrusalda kolektibokoak Aritza Bergararen Mitologika lanean oinarritu ziren. Garilean mustutako ikuskizunean zenbait aldaketa egin zituen Aritzak eta gidoi berri hori eskaini zuten iaz Mungian. Ikuskizunaren moldaketa hori da, hain zuzen ere, Irurtzunen ikusteko aukera izanen dena. Ikuskizun ezberdina bada ere, ardatza bera da: haur talde bati kontakizun mitologikoak kontatzen dien amona. Haren kontaketak aurrera egin ahala Herensugea, Galtzagorriak, Mikelatsak, Mari eta euskal mitologiako beste pertsonaia batzuek jendaurrera agertuko dira. Pertsonaia horien bidez hainbat istorioko pasartea azalduko da. Pertsonaia berriak ere badira: Jentilak. Haien bidez Olentzeroren etorreraren berri emanen da. Josetxo Goia Ariberen saxofoiak pertsonaia mitologikoek adierazi nahi dituzten sentipenak azpimarratzeko balioko du. Pertsonai mitologikoen artean ere gizakiak tartekatuko dira. Antzerkia eta dantza emanen dituzte. Haiei doinua Irurtzungo gaiteroek eta Orritz fanfarreak jarriko diete. Kontakizuna pantaila erraldoi eta argi jokoekin azpimarratuta geldituko da. Eguberri egitarau zabala IrurtzunenPikuxar euskal txokoak aurten ere pikugabonak izeneko egitaraua prestatu du. Horri gehitu behar zaizkio Aizpea Euskara taldearen Euskal Ekitaldiak, Orritz dantza taldearen saioa, kultur batzordearen egitaraua eta data hauetako ohiko ospakizunak. Pikugabonak gaur bertan abiatuko dira. Arrebote talde sakandarrak kontzertua eskainiko du Pikuxarren, 23:00etan. Musikari bertsoek hartuko diote lekukoa larunbatean. Aizpea euskara taldeak antolatuta bertso afaria izanen da Iratxo elkartean. Kantuan Sustrai Kolina eta Maddalen Lujanbio izanen dira. Euskaltzaleek bertso afaria baliatuko dute bi saskiren zozketa egiteko. Olentzeroren etorreraren ondoren, asteartean Pikuxarren, 20:00etan, film laburren emanaldiak izanen dira. Hara joaten direnak Encuentros 2007 topaketan parte hartutako filmak ikusteko aukera izanen dute. Film gehiago, oraingoan haurrendako, asteazken arratsaldean izanen dira ikusgai. Aizpea euskara taldeak antolatuta, ostegunean, 20:00etan munduan barna ibili diren irurtzundarren esperientziak ezagutzeko aukera izanen da.