Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Burlatako musikariaren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatu da aurten. Etxarri Aranazko abesbatzak bat egin nahi izan du efemeride horrekin eta igandeko kontzertua haren omenezkoa izanen da. Etxarri Aranazko abesbatzak kontzertua Tu es petrus obrarekin zabalduko du. Koralak lan hori interpretatzeko musika tresnen laguntza izanen du. Hauek izanen dira abesbatza lagunduko duten musikariak: Peio Igoa (tronpeta), Juan Pablo Agirre (fliskornoa), Peio Reparaz (tronboia), Sergio Gastaminza (tuba) eta Rosana Garciandiaren (organoa).Sarrera horren ondoren koralak Misa a voces solas para adviento y cuaresma abestuko du, Igor Saenz biolontxelojolearen laguntzarekin. Whitacre, Busto, Aita Donostia eta Usandizagaren gabonetako abestiekin borobilduko du emanaldia Etxarri Aranazko abesbatzak.Hilarion Eslaba ElizondoJoan zen urriaren 21ean Miguel Hilarión Eslava y Elizondo, Burlatako musikagile, kapera-maixu eta pedagogo handia jaio zeneko 2. mendeurrena bete zen. Bere ibilaldiari esker, XIX. mendeko estatuko musikagile esanguratsuenen artean koka daiteke. Iruñeko katedralean hasi zituen musika ikasketak eta, musika eta giza zientziak ikasi eta gero, Sevillan apaiztu zen 1832an. Kapera-maixu izan zen Calahorra, Burgo de Osma, Sevilla eta, azkenik, 1847tik, Madrileko erret kaperan. 1854an konposizio irakasle izendatu zuten Madrileko kontserbatorioan. Musika erlijiosoa egin zuen batez ere. Bereziki ezaguna da bere Miserere obra, urtero Sevillako Aste Santuan abesten dena. 1878ko garagarrilaren 23an hil zen, Madrilen eta bere jaioterrian, Burlatan ehortzi zuten.