Portlanden 5 urterako lan hitzarmena sinatu dute

Guaixe 2007ko abenduaren 25a

Urte bete eman dute negoziatzen. Sinatu beharreko testuaren inguruan erreferendumean iritzia eman zuten langileek. UGTk informatu duenez, % 86,2ko parte hartzea izan zen. Iturri beraren arabera, botoa eman zutenen % 68 hitzarmena sinatzearen alde agertu zen eta %28 kontra. AkordioakUGTk jakitera eman duenez, lan hitzarmen berriaren indarraldia 2007tik 2011ra bitartekoa izanen da. Soldatari dagokionez, aurten Nafarroako KPI gehi puntu bat igoko da eta hurrengoetan aurreko Nafarroako KPI bider 1,3k ematen duena. Produkzioaren araberako osagarri aldakor bat ere adostu dute aldeek, %0,5 eta %1,5 artekoa izan daitekeena. 8 lan ordu gutxiago eginen dituzte eta 2011tik aurrera urtean 1632 ordu egin beharko dituzte Portlandeko langileek.  UGT sindikatuak jakinarazitakoaren arabera, enpresa behartuta egonen da hala eskatzen duten langile guztiei erretiro partzialeko kontratua egitera eta, beraz, beste langile bat kontratatzera. Langilea jubilatzean erreleboan egon den langilearen kontratua mugagabea bihurtuko da, lan hitzarmena indarrean dagoen aldian. Aldeek, antzinatasuna, plusak, lan kontziliazioa, baimen eta bestelako kontzeptuen gaineko adostasuna ere lortu dute.DesautorizazioaPortlanden ELAk 4 ordezkari eta LABek 2 zituzten. Langileen ordezkari horiek hitzarmena sinatu dute baina sindikatuek desautorizatu egin dituzte, ez baitira hain epe luzeko lan hitzarmenak sinatzearen aldekoak. LABetik adierazi digutenez, "5 urtetan gauzak asko aldatu daitezke eta gero ez dago maniobrarako aukera handirik". ELAtik azaldu digutenez, langileen ordezkariek batetik eta enpresako afiliatuek eta sindikatuak bestetik, iritzi kontrajarriak zituzten hitzarmenaren inguruan, bai luzeragatik bai mamiagatik ere. Horregatik sinatu dute independente moduan.