Arbizuk hartuko du ibilgailuen azterketa teknikorako estazioa

Guaixe 2007ko abenduaren 24a

Estazio horrek kokapen dantza izan du orain arte. Hasiera batean Altsasu zen lehentasuna, edo bestela Burundako herri bat. Baina Altsasun industriarako lur faltak ezinezkoa egin zuen. Enpresak Olatzagutiako Udalarekin akordioa lotu zuen eta Olaztiko kamioi parkinean estazioa egiteko aukera eskaini zuen. Legegintzaldi berrian Olaztiko hirigintza batzordean gaia aztertu zen. Iñaki Mentxaka alkateak azaldu digunez "ingurabide errepidean trafikoa handitu zitekeela ikusi zen eta herri sarreran beste lursail bat eskaini genion enpresari, baina ez zuen egoki jo". Bi aukera horien ondoren, badirudi enpresak Arbizuko Utzubar industrialdean toki egokia opatu duela. 3.000 metro karratu inguruko lursail batean auto txikiak eta auto handiak ikuskatzeko lerro bana jarriko ditu enpresak.