Euskadiko txistorra txapelketa Sebastian Harategiarendako

Guaixe 2007ko abenduaren 26a

Epaimahaiak txistorren presentazioa eta edukia aztertu zituen eta, horren ondoren, dastatu egin zituen. Puntu gehien eta Euskadiko txapelketa eskuratu zuen txistorra Altsasuko Sebastian Harategiarena izan zen. Ordiaziako txapelketako 4. postuan gelditu zen Olatzagutiako Paco harategia. 4. belaunaldiaGema eta Jon Lakuntza Lopez anai-arrebek kudeatzen dute egun haien birraitonak 1915ean martxan jarritako harategia. Familia negozioaren 4. belaunaldia dira eta aurten bertan hartu diote lekukoa haien amari eta osabari. Arduradun direnez geroztik jaso duten lehen saria da eta harekin "pozik" zeuden, "jarraitzeko gogoa ematen du". Sebastian harategiak aurretik ere baditu sari gehiago (2005ean, Ordizian txapeldunorde izan ziren, Euskal Herriko txapeldun orde 1997an, 1998an eta 1999an, txapel hori 1995ean jantzi zuten eta baita Sakanakoa ere urte hartan. Odolkiengatik ere 1989an saria jasotakoa da harategia). Sekretuaz galdetuta Gemak eta Jonek erantzun ziguten ez dagoela, "Sakanan oso ongi egiten ditugu denok". Saria jaso izana nabaritu dutela aitortu digute, "Goierritik asko igo dira txistorra sariduna erostera, Santo Tomasetarako". EgitasmoaAnai-arrebak bestelako egitasmoak gauzatzen buru belarri ari dira lanean. Arbizun harategiko lantegia zabaltzekotan dira. Azaldu digutenez, "araudi berria indarrean sartu da eta 2009ra arte dugu egokitzeko epea. Araudi berriaren arabera erabaki behar da harategia salmenta puntua izanen den edota produktuak ere ekoiztuko diren. Hala bada, ekoizpen tokia harategian bertan ezin da egon". Arbizuko lantegia araudira egokitzeko eginen dute, baina dutena ere "saltzen dugunarendako txiki" gelditu zaiela aitortu digute. Lantegi berriak pixka bat "profesionalizatzeko" bidea ere emanen diela esan ziguten Jonek eta Gemak. Enpresari Laket izena eman diote eta haien asmoa da txistorrak, odolkiak eta prestatutako platerak ekoiztea. Haien harategian saltzeaz gain, ostalaritzan saltzeko produktuak eginen dituzte. Harategirako lantegia udarako prest izanen da. Arbizun jarriko dute Altsasun industriarako lurrik ez dagoelako. Beste arrazoi bat da ere Arbizun txistorra ekoizle ugari daudela.