Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
AltsasunAstelehenean, urteko azken egunarekin batera urtero egiten den Altsasuko Lagun Onak elkarteak antolatutako San Silvestre lasterketa jokatuko da. Proba abenduaren 31ko arratsaldean burutuko da. Lasterketa nagusiaren aurretik, 18:30ean 6 eta 12 urte arteko haurren lasterketa izanen da. Haien lana bukatutakoan, 19:00etan, helduen txanda izanen da. Horretan, 12 urtetik gorakoak arituko dira. Antolatzaileek prestatutako 6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Izen-ematea proba baino ordu bete lehenago egin beharko da Lagun Onak elkartean. Jai giroan burutzen den proba izan ohi da eta bada mozorrotuta parte hartzen duenik ere. Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarriaAltsasuko San Silvestre lasterketa, Sakanako Mankomunitateak eta Dantzaleku-Sakana atletismo taldeak antolatutako eta Lasa Kirolak-en babesa duen, Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria da. Hain zuzen ere, hau da Koparako baliagarria den azken proba. Koparako Iturmendiko Aitzkozar lasterketa, Ergoienako lasterketa, Lakuntzako herri lasterketa eta Sakanako VI. Herri Lasterketak izan dira baliagarriak. San Silvestre proban lasterketan sailkatutako Sakanako lehen 10 korrikalariei puntuazioa emango zaie. Azken proba hori burutu aurretik momentuz gizonezkoen sailkapenean Antton Zelaia urdindarra da lehena, 40 punturekin. Bigarrena den Fco. Javier Gomez altsasuarrak 32 puntu dauzka eta hirugarrenak , Esteban Derduz altsasuarrak, 31. Atzetik datoz Raul Audikana (25 puntu), Javier Borrega (20 puntu), Juantxo Arregi (19 puntu), Fermin Gabirondo (9 puntu), Jokin Lazkoz (8 puntu), Mikel Lakuntza (8 puntu) eta Iban Gonzalez (7 puntu). Emakumezkoetan, Maitane Txueka arbizuarra da lehena momentuz (30 puntu), bigarrena Jone Pelaez (28 puntu), hirugarrena Loli Mendoza (16 puntu), laugarrena Edurne Razkin (16 puntu) eta bosgarrena Nuria Ongay (8 puntu).OlatzagutianAipatu moduan, astelehenean Olatzagutian San Silvestre lasterketaren VII. edizioa jokatuko da herriko Intsumisio enparantzatik abiatuta. Han hiru mailatan banatuta egingo dute laster korrikalariek. Hasiera txikienek emanen diote probari 19:00etan. Horiek zirkuitu txikiari bira bat eman beharko diote. Horien atzetik, 15 urte bitartekoak lehiatuko dira eta korrikalariek 1200 metroko ibilbidea egin beharko dute, hots, zirkuitu handiari bira bat. Gaztetxoak eta gero, proba nagusia eginen da. Helduek 4 buelta emanen dizkiote zirkuituari, denetara 4800 metroko ibilia. Korrikalari nagusientzat garaikurrak banatuko dira. Txikienek, berriz, opariak jasoko dituzte oroigarri gisa eta eginiko lanagatik. Proban parte hartu eta izena emateko, arratsaldeko 18:00etatik aurrera egin beharko da lasterketako irteeran.