Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
26 batzarkideetatik 15ek (12 NaBai, 2 PSN eta Uharte Arakilgo ordezkaria) alde bozkatu zuten, 10ek kontra (8 EAE-ANV eta Arakil eta Arruazuko ordezkariek) eta IUN-NEBeko ordezkariak abstentzioa eman zuen.
Aurrekontuaren igoeran eragin zuzena dute aurreikusten diren kontratazioek. Hala, aurtengo plantila organikoan jasoak gelditu dira euskara teknikariaren beste lanpostu bat, etorkinen zerbitzuko hezitzailearen lanaldia eta oposizio lehiaketa bidez aukeratuko den hondakin zerbitzuko enkargatu postua. Horretaz gain, turismoarekin zerikusia duten 3 lanpostu aurreikusten dira, B mailako teknikari bat eta garagarzaro, garila eta agorrilean turismo bulegoan lan eginen luketen bi pertsona.
Inbertsioak
Horretaz gain, Sakanako Mankomunitateak aurten zenbait inbertsio egitea aurreikusten du. Horien artean dago zaborra biltzeko kamioiaren erosketa. Haren balioa 165.000 eurokoa da eta haietatik Nafarroako Gobernuak 115.000 euro ordainduko ditu. Arbizuko zabortegian 25.000 euroko inbertsioak eginen dira. 10.000 euro bideratuko ditu mankomunitateak zabor edukiontziak erostera.
Sakanako Mankomunitateak, bestalde, konpostaren inguruan kanpaina eginen du. Horretarako 5.000 euro bideratuko ditu etxeko 25 konpostagailu erosteko. Mankomunitatearen asmoa da jakitea zein sakandarrek duten interesa haien etxeetan halako ontziak izan eta han materia organikoa (inausketetakoak, berde guneen mozketak...) konpost bihurtzeko. Ibarreko familiabakarreko etxebizitzetan jarri nahi ditu mankomunitateak.
Kuotak
Jasotzen dituzten zerbitzuengatik ibarreko udalek Sakanako Mankomunitateari kuotak ordaindu behar dizkiote. Udalak zenbaitetan ordainketa horietan atzeratu egiten dira eta horrek mankomunitateari diruzaintzako arazoak sortzen dizkio. Udalek garaiz ordaintzeko eta mankomunitateak diru faltagatik maileguak eskatu beharra ez izateko ordaindu gabeko kuotei errekargua jartzea erabaki zen batzarrean. Hala, urteko kuota ordaindu ez duen udalak hurrengo urteko lehen 6 hilabeteetan ordaintzen badu %10 gehiago pagatu beharko du. Errekargua %20ra igotzen da kopurua hurrengo urteko bigarren seihilekoan ordaintzen bada.
Turismoa
Batzarrean jakitera eman zen oraingoz zein udal agertu diren mankomunitatean turismo zerbitzua sortzearen alde. Hauek dira: Irurtzun, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Altsasu eta Ziordia. Guztiak ere NaBaik gobernatuak. Koalizioak Olaztin ere agintzen du eta han eztabaida atzeratu egin da. Batzarrean jakinarazi zenez, Uharte Arakilek eta Ergoienak proposatzen den zerbitzu ereduaren arabera erabakiko dute bat egitea edo ez.
Bestalde, Lakuntza eta Arbizuko Udalek, EAE-ANVren agintea dutenek, eskatu zuten mankomunitatea partzuergoko kide denez haren jarraipenaren inguruan eta turismoa mankomunitatearen bidez landu behar ote den eztabaidatzea. Galdera-erreguen txandan eskaera bera egin zuen alderdi ekintzaileak. Gainontzeko udalek gaia ez zutela aztertu jakinarazi zuten.
Azkenik, galdera-erreguen txandan, NEB-IUNek Arakilgo Udalak onartutako mozioa gogora ekarriz, abiadura handiko trenaren inguruan aritzea eskatu zuen. Gaiak bilera monografikoa izanen du.