Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Partidu gogorra izan zen astelehenean Tolosan jokatu zena. Bikoteak lanerako gogoarekin atera ziren eta aukeratutako pilotak ere ez ziren nolanahikoak izan. Olaizola I.ak eta Belokik atzera egin zuten partida hasieran, Lasa kargatuz. Etxarrikoak ezin izan zien pilota guztiei erantzun eta 1-9 aurreratu ziren txapeldunordeak. Irujoren ordez kantxaratu zen Eugi, etxarriarrari lagundu asmoz, atzeratu egin zen eta sumatu zen bere laguntza. Agoizkoa ongi dabil azkenaldian eta txapelketan aritzeko aukera probestu nahi izan zuen gainera. Indar lehia orekatu egin zen horrela, 9-14koa eskuratuz. Tanto horretan mina hartu zuen Belokik eskuan eta hortik aurrera sufritu behar izan zuen. Lasak eta Eugik aukera baliatu zuten atzera jo eta markagailuan aurrera egiteko (15-19). Goizuetarrak ordea ez zuen amore eman. Partidaren ardura hartu eta sakea eskuan, Lasak eta Eugik ezin izan zuten haren aurka egin.Txapelketako lehen jardunaldi honen ondoren, Titin eta Laskurain daude lehenengo postuan. Eugik eta Lasa III.ak 7. lekua dute. Irujok, Lasaren hasiera bateko bikoteak, bi eskuak ditu minduta eta ez dago argi bigarren jardunaldirako hobetuko den. Hala ere, posible da sendatzeko uste baino egun gehiago edukitzea, Aspe Irujo-Lasa eta Bengoetxea-Ruizen arteko partida datorren astelehenera arte atzeratzea aztertzen ari da eta.