MRV Navarrak Espainiako Koparako txartela eskuratu du

Guaixe 2008ko urtarrilaren 9a

Irurtzungo taldeak hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituen astearte arratsaldean, Bartzelonaren aurka. Lortutako puntuei esker otsailean Cuencan izanen da, Espainiako Kopan, eta zozketan zerrendaburu izanen da gainera. Horrek arerio gogorrenak ekiditeko aukera emanen dio. Bi taldeak indartsu atera ziren Unibertsitateko Pabiloira, eta partidu bizia jokatu zuten. Hasiera batean etxekoek aise irabaziko zutela zirudien, irurtzundarrak 2-0 aurreratu ziren eta. Bartzelona ez da ordea nolanahiko taldea eta berdinketa lortu zuen 15. minutuan. Bigarren zatia nahasia izan zen oso. Tarteka partida mendean hartzea lortzen zuen MRA Navarrak, baina ez zuen golak sartzen asmatzen. Bartzelonako taldea aurretik zegoen 3-4koarekin, baina azken minutuan Lukaianek eta Joelek markagailuari buelta ematea lortu zuten, 5-4koarekin. Alexandrek eman zuen partiduko sustoa, bigarren zatiko 3. minutuan zorabiatu egin zen eta. San Miguel erietxera eraman eta probak egin dizkiote. Zorionez bere onean dago jokalari brasildarra eta laster bidaliko dute etxera.Garaipen honen ondoren MRA Navarrak 3. postua du sailkapen nagusian, 25 punturekin, lehengoa den El Pozo Murcia Turistica taldearengandik 7 puntura. 25 puntu horiekin, lehenengo bueltan inoiz lortutako emaitza onena berdindu du, iazkoa, hain zuzen. Eta oraindik ere lehen buelta amaitzeko partida bat falta da. Datorren igandean izanen da, hilaren 13an, 17:00etan, 6. postuan dagoen A. Lobelle Santiagoren aurka.