Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gogorra izan zen benetan lau pilotarien arteko asteleheneko partida. Bi bikoteek txapelketako lehen tantoa zuten jokoan eta jakin bazekiten hori eskuratzeko gogotik aritu beharko zirela. Biek ere pilota gogorrak aukeratu zituzten, pisuak, txapelketakoak. Bi gazteenek partida irabazteko bide luzea aukeratu zuten, botera eta atzera, arriskatu gabe. Ondorioz, gogotik lan egin behar izan zuen atzokoan Lasak. Bolez, sotamanoz, botera... ongi aritu zen defentsan Etxarrikoa eta horrek luzatu zuen norgehiagoka. Markagailuak 3-4 koa erakusten zuenean 182 pilotakada eginak zituzten jada jokalariek, ostiralean jokatutako partidan adina. 4-4kora beste 70 pilotakada jo zituzten. Lasa jota uztea zuten helburu, baina etxarriarra hauspoari buelta emateko gai izan zen. 6-7koa markagailuan eta 391 pilotakada. Marka ikaragarria. Lasa lehertuta, partidaren oreka hautsi zen eta zazpi tanto jarraian egin zituzten gazteek, 6-14raino. Norgehiagoka denontzat ari zen luzatzen ordea, eta Ruiz ere nekatzen hasia zen. Aurrelariek hartu zuten protagonismoa orduan. Bengoetxeak lehenik, ausart. Eta Eugik ondoren, Lasari arnasa hartzeko aukera emanez. Partida parekatzea lortu zuten berriz ere beteranoek, 13-17. Azkenean aurrean erabaki zen norgehiagoka. Bengoetxeak hartu zuen ardura eta etxarriarra eta Aoizkoa, aurrera eta atzera, txoratu zituen. Ordu eta erdikoaren ondoren iritsi ziren azkenean 22kora Bengoetxea eta Ruiz, Eugi eta Lasa 14koan zirela.Lanak egin arren, punturik gabe jarraitzen dute Eugik eta Lasak. Igandean, 17:00etan, Iruñean 1. puntua lortzeko aukera izanen dute Olaizola II.a eta Zearraren aurka. Orain arteko partidak ikusita, hurrengoa ere gogorra izanen dela aurreikusi daiteke, are gehiago aurrez aurre izanen dituztenek ere punturik ez dutela jakinda. Ezin dute huts egin ordea, lehen ligaxka hau amaitzeko bi jardunaldi baino ez baitira geratzen.