Berrituta, bueltan dira ezkilak

Guaixe 2008ko urtarrilaren 14a

Urtearen bigarren egunean, arratsaldeko bostetan, Iturmendira bueltan iritsi ziren ezkilak. Orduz geroztik eliz barruan gorde dituzte haien betiko tokira bueltatzeko egun egokia aukeratzeko zain. Aurreko larunbatean egin nahi zuten hori, baina eguraldiak lagundu ez zuenez larunbat goiz honetarako uztea erabaki du Iturmendiko parrokiako batzordeak. Beraz, eguraldiak laguntzen badu bere tokira bueltatuko dira ezkilak, kanpandorrera.TratamenduaEzkilak bere onera ekartzeko parrokia batzordeak ezkilak Alemaniara bidaltzea erabaki du. Hans Lachenmeyer enpresak kaltetutako guztia soldatu du eta horrekin batera ezkilaren barruko alde guztia aberastu dute, oso ahitua zegoelako. Alemanian konpondu zituzten baina jasotako tratamenduagatik kolorea galdu zuten eta, aurreikusi bezala, Valentziako enpresa batean, 2001 Técnica y Artesanía, berezko kolorea bueltatu diete. Han ere, ezkilei egurrezko mihi berria egin diete. Orain brontzezko ezkilak dirdiratsu daude, baina eguraldiak, ohi bezala, ilundu eginen ditu. Lan horiek, garraioa eta jartzeak 27.028 euroko aurrekontua izan dute. Parrokiako batzordeak dagoeneko 17.953 euro jaso ditu (iturmendiarrek emandakoarekin eta Nafarroako Kutxako Zeuk aukeratu, zeuk erabaki programaren bidez). Aurrekontua estaltzeko gobernuaren laguntza jasotzea espero du Iturmendiko parrokiako batzordeak. Horretaz gain, hainbat iturmendiarrek lanean eta materiala emanez lagundu dute. KanpaiakIturmendi, herriaren mintzoa aldizkariaren 2002ko abenduko zenbakian kanpai-dorrea, ezkilen eta ezkila-jotzaileen berri zabala eman zuen. Herri aldizkarian azaltzen denez, San Migel elizako kanpai-dorrea bi epetan jaso zuten. Lehen zatia XVI. mendeko azken urteetakoa da eta bigarrena, berriz, 1730ekoa. Iturmendi, herriaren mintzoa aldizkarian jasotzen denez, kanpai-dorreak bere baitan tamaina ezberdineko 6 ezkila ditu. Herrira ematen duena da handiena, 700 bat kilokoa. Kalbarioko gurutze baten azpian honakoa irakur liteke: ECCE* CRUCEM* DOMINI* PARTES* ADVERSA* VICIT* LEO DE TRIBU IUDA* RADIX* DAVID* ALELUIA* ANNO* DE 1*6*8*7 (Hona hemen Jaunaren gurutzea, aldendu zaitezte aurkako indarrak, Judaren tribuko lehoia garaitu, Daviden leinua, 1687. urtea). Haren azpian Martin Perez de Albeniz abadeari eta Migel goiaingeruari aipamen egiten dion latinezko beste idatzi bat agertzen da. Urbasara begira dagoen kanpaia 1589an berriro urtua zuen Diego de Lanzagortak. Lan horregatik 145 dukat jaso zituen. Honakoa irakur liteke bertan: AUDITA* EST* VOX* DICENTIEUM* SALUS* DEO* NOSTRO* ALELUIA* ANNO* 1*5*8*9. (Zera diotenen ahotsa entzun da: osasuna gure Jaunari aleluya, 1589. urtea). Beste lerro batean zera jartzen du: JHS* MARIA* DUN* PLERIARETUR* MICHAEL* ARCANGELUS* CUM* DRAGONE* (JHS Maria, San Migel goi aingerua dragoiarekin borrokatuko duenean). Iturmendi, herriaren mintzoa aldizkariko artikuluan jasotzen denez, kanpai-dorrearen iparraldeko arkuan bi ezkila txikienak daude, txilinak izenarekin ezagunak direnak. Batean zera irakur liteke: JHS VALOR ITURMENDI ANNO 1687. Bigarren ezkila, berriz, Clemente Quintanak egin zuen. Aldizkarian aipatzen denez litekeena da haren senideren batek Iturmendiko ezkila handiena eta beste txikia egin izana. Azken arkuan tamaina ertaineko ezkila dago, animatxintxin edo maritxintxin izenez ezaguna dena. Bueltaka ibiltzen den ezkila hori 1816an egin zuen Nicolas de Igualek, horretarako aurretik zegoen bat urtuz. Izan ere, prozesio batean ezkilak jotzen ari zirela, kanpai zaharra elizpera erori eta bitan zatitu zen. Kanpai horretan honakoa irakur liteke: SE HIZO A DEVOCIÓN DE DIEGO FERNANDO DE ZUFIAURRE Y JUAN MIGUEL FERNANDEZ eta ANIMAS DEL PURGATORIO ROGAD A DIOS POR ELLAS AÑO1816. Azkenik, aldizkarian jasotzen denez Iturmendiko kanpai-dorrearen goiko zatian Aritzaga ermitatik XIX. mende erdi aldera ekarritako ezkila txikia dago. Hartan irakur daiteke: MARIA ORA PRONOBIS ANO IOII.