Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igande eguerdian urrezko domina bikoitza eskuratu zuen Fernando Goikoetxea Zelaiak odola ehun alditan emateagatik. 50 alditan emateagatik urrezko domina bana jaso zuten Juan Cruz Arratibel Mendinuetak, Jesus Angel Goena Zelaiak eta Jose Antonio Mozo Lizarragak. Etxarri Aranazko odolemaileen ordezkari den Ignazio Lopez de Sabandok esan zuenez, "Jose Antonio domina lortzen duen lehen unanuarra da". Bestalde, Margarita Jaka Garmendiak, Jose Luis Maiza Okariz, Blanca Mundiñano Oraienek eta Quintin Villarroel Hernandezek zilarrezko domina jaso zuten. Nafarroako Odolemaileen Elkarteko zuzendaritzako kide den Patxi Ramirez de Aldak hitza hartu zuen ekitaldian. Altsasuarrak odolemaileak berrien premia azpimarratu zuen. Gazteak odolemaile egiteko ahalegina eskatu zien bildutakoei. Aldi berean, elkartean iaz bete zituen 50 urteak izan zituen gogoan. DatuakEtxarriko odolemaileen ordezkaritzak 2007a aurreko urtean baino 15 kide gehiagorekin itxi zuen, 321 guztira. Haietatik 211 daude jardunean eta gainontzeko 110ak bajan daude (65 urteak gainditzeagatik 65 eta 42 medikuak hala aginduta). Igandean zabaldutako datuen arabera iaz 160 odol emailek eman zuten odola, aurrekoan baino 18 gehiagok. Etxarriko ordezkaritzako odolemaileek iaz 338 emate egin zituzten, 235 aurreko urtean. Emate horietatik 6 besterik ez ziren aferesis prozesuak, gainontzekoak emate normalak ziren. Gainera, emate gehienak, 263 autohemoteka Etxarrin egon zenetan izan zen. Gainontzeko 75ak Iruñean. Iaz ere, estreinakoz 21 odolemailek eman zuten odola. 2006an 8 izan ziren.