Joxe Iriarte bertso paper lehiaketa martxan

Guaixe 2008ko urtarrilaren 21a

Kimarendako bertso paper lehiaketa "Altsasun euskara komunikazio tresna ohikoa bihurtzeko bidean hizkuntza trebatzeko baliagarria" da. Aldi berean, Kimak Joxe Iriarte, bertsolari altsasuarra, "ezagutzera eman" nahi du. Lehiaketak bi sail ditu: ikasleena eta helduena. Aurreneko sailean Altsasu eta Sakanako lehen hezkuntzako edo bigarren hezkuntzako edozein ikaslek parte har dezake. Mailaren arabera eskatutako lanak aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek. Hala, LHko 5. eta 6. mailan ari diren ikasleek 2 bertso edo 4 kopla sortu beharko dituzte. DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek 2 eta 3 bertso artean eta, azkenik, DBHko 3. eta 4 mailako, batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa zikloetako ikasleek 3 bertso. Joxe Iriarte lehiaketaren helduen sailean parte hartzeko baldintza bakarra adinez nagusia izatea besterik ez da. Parte hartzen interesa dutenek 8 eta 12 bertso arteko lanak aurkeztu beharko dituzte lehiaketara. BaldintzakBai helduek, bai ikasleek, martxoaren 3ra arteko epea dute lanak aurkezteko. Ikasleek ikastetxean eman ditzakete; helduek, berriz, Sakanako Mankomunitatean aurkeztu beharko dituzte haien lanak. Lanak plika sistema erabiliz aurkeztu beharko dituzte. Antolatzaileek eskatzen du sorkuntza lanak orijinalak izatea eskatzen dute, bestela ez du ez gairik ez neurririk proposatzen. Bertso eta koplak paperean eta euskarri elektronikoan aurkeztu beharko dira. Kimak jakinarazi duenez, maila bakoitzeko bi onenendako sariak izanen dira. Sari banaketa maiatzean eginen den ekitaldi publikoan eginen da. Bestalde, lehiaketara aurkeztutako lanak www.altsasukokima.com orrian zintzilikatuko dira.