Haur-gizentasunaren prebentzio programa garatzen ari dira 4 ikastetxe

Guaixe 2008ko urtarrilaren 23a

Nafarroako Kirol Institutuak Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean sortu duten programa eta haren eskaintza Sakanako Mankomunitatearen kirol zerbitzuaren bidez jaso zuten aipatu ikastetxeek. Programa horren helburu orokorra "gizentasunaren prebentzioa sustatzea da, horixe baita tratamendurik egokiena". Horretarako ikasleen "gurasoak, irakasleak, ingurukoa eta haurrak berak inplikatuko dituen esku-hartzea" egiten ari dira. Beti ere, "elikadura osasuntsua eta eguneroko bizimoduan jarduera fisiko handiagoa praktikatzeko aholkuak" emanez. Bestalde, programa aurrera eramateko arrazoietako bat da "zenbait gaixotasun garatu daitezkeen adinean arrisku faktoreak murriztea". MartxanIkasturte hasieran programaren berri eman zitzaien Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleen gurasoei. Ondoren dietista batek 100 bat haur sakandarri neurri antropometrikoak (altuera, pisua eta gantza) hartu zizkien. Azterketan haurren bat gantz gehiegi edo gutxiegi zituela ikusiz gero gurasoei jakinaraziko zieten; baina, dirudienez, ez da halakorik izan. Ikasturte akaberan neurketa bera eginen zaie eta programaren eragina neurtzeko modua izanen da horrela. Neurketa horietaz gain, ikasgelan edota heziketa fisikoko klasean lantzeko gida didaktikoa ere banatu zaie irakasleei. Haren eta haur ipuin baten bidez, elikadura eta jarduera fisikoaren gaineko informazioa ematen zaie ikasleei. Hala, Lehen Hezkuntzako ikasle horiek elikadura orekatua, elikagai multzoak, osasungarriak direnak eta ez direnak, ariketa fisikoa, atsedena eta bestelako gauzen garrantzia ikasten hasi dira. Gainera, programaren barruan, gurasoei jatorduen inguruko inkesta pasatu zaie, jateko ohituren berri jasotzeko. Bestalde, jangela duten Andra Mari eta Zelandi ikastetxeetan jarraipena egiten zaie.