Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiorga Ramirezek esan zuenez, "alderdi aurrerakoiek ezin izan dute aurrekontu aurrerakoirik egin, UPNrekiko erabateko sumisioa erakutsi duelako PSNk". Ramirezek kritikatu egin zuen alderdi sozialista "Iruñerria eta Erribera lehenesteagatik" eta gogor kritikatu zuen Nafarroako mendialdearen "marginazioa". Ildo berean, Jose Angel Agirrebengoak UPN eta PSNko sakandarrek haien alderdietan duten "pisu eskasa" salatu zuen, "ez baitute Sakanarako inolako emendakinarik aurkeztu". Biek ere ziurtatu zuten Nafarroa Baik lanean jarraituko duela eta haien bidez gobernuari eskaerak egiteko aukera gogorarazi zuten. SakanaIbarrarekin zerikusi zuzena duten 14 emendakin aurkeztu edo babestu ditu koalizioak aurrekontu eztabaidan. Herri Lan eta Garraio Departamentuari "Prestakuntza Handiko Trenaren" (hala deitzen omen dio ministerioak) berri eman eta gizartea parte hartzeko diru saila bat eskatu zuen NaBaik. Agirrebengoa kexu azaldu zen gai horren inguruan "Nafarroan ez baitago informaziorik, ezta parlamentuan ere. Ez dakigu gobernuak estatuarekin zein hitzarmen duen. Komunikabideetan esan zen garagarrilerako jakinen zela gu ikutzen gaituzten 3 ibilbide posibleak zein diren". Trenarekin lotuta ere Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa lotzeko emendakina ere aurkeztu zuen koalizioak. Olazti eta Ziordia artean bigarren mailako errepidea egiteko eskaera ere mahai gainean jarri zuten. "Autobia eraiki zenean gobernuak hura egiteko konpromisoa hartu zuen eta oraindik ez du gauzatu" salatu zuen Agirrebengoak. Koalizioak ere emendakinak aurkeztu ditu natur parkean abeltzainendako beharrezko azpiegiturak eraiki daitezen eskatuz. Baita Iruñea eta Irurtzun arteko Plazaola trenaren ibilbidea berreskuratzeko ere. EkonomiaUdalek sustatzen duten industrialdeak laguntzeko aurrekontuetan dagoen diru-saila txikia zen NaBairen ustez eta hura ia boskoiztea proposatu zuen. Horrekin batera, koalizioak Urdiain-Altsasu industrialdea eraikitzeko diru sailak 1,7 milioi eurotik 10era igotzea eskatu zuen. Aldi berean, Nafarroan nagusi diren enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna sustatzeko plan integrala egitea eskatu zuen. Baita, dendari elkarteak laguntzea ere. Gizarte gaiakEmendakin bidez Nafarroa Baik eskatu zuen Altsasun ibiltariei harrera egiteko aterpe publikoa egitea, Asun Fernandez de Garaialde y Lazkanoren ustez "dagoena ez baitu baldintza egokirik". Koalizioak babesa azaldu zion Ezker Batuak Altsasuko osasun etxea erreformatzeko aurkeztu zuen emendakinari. Asunek adierazi zuenez, "osasun eta gizarte gaietan Nafarroan prekarizazioa bulkatzen ari da gobernua, eta hori zuzentzen saiatu gara". Aldi berean, Lakuntza-Ihabar eta Irurtzun-Satrustegi ur horniketa sareetarako diru sailak eskatu zituen koalizioak. Baita Altsasuko Ibarrea industiraldeko ur beltzak biltzeko ontzia eraikitzea ere. Aurreko eskaera guztiak bezala, alferrik.