Kamioi bete laguntza Saharara

Guaixe 2008ko urtarrilaren 29a

Azken bi hilabeteetan Sakanako hainbat herritan Algeriako Tinduf errefuxiatu eremu sahararrarendako jaki bilketa egin da. Anas elkarteak, ohi duenez, kamioi bat erosi du eta hura Sakanan eta Nafarroan bildutakoarekin bete du. Aurrekoan hura kargatzen boluntario altsasuarrak egon ziren. Guztira, Nafarroatik, 30.000 kilo jaki bidaliko dira desertuaren erdian dauden errefuxiatu eremuetara. Elkartetik jakinarazi da kamioian sartu ezinda gelditu diren jakiak Gasteizko elkartearen bidez bidaltzen saiatuko direla. Anas elkartearen kamioiak ostiralean hartuko du Alacanterako bidea. Otsailaren 14an estatu guztitik joandako kamioi guztiak ferrira igoko dituzte eta Alacantetik Oranera eramanen dituzte. Orandik Tinduferako bidea hartuko du ondoren elkartasun karabanak. Ez da aurreneko elkartasun karabana eta zoritxarrez ez da azkena izanen.