Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gazte topaguneari doinua Hesian talde sakandarrak jarriko dio. Franek (ahotsa eta gitarra), Ametsek (ahotsa), Aritz Etxebek (bateria), Xabi Sekok (baxua), Erikek (gitarra), Enekok (tronpeta), Butonek (tronboia) eta Igotxok (saxoa) osatzen dute Hesian eta sakandarrek topagunerako sortu duten kantua Zeru gorriko egunak du izenburua. Haren historia duela 3 hilabete inguru sortu zen, gazte topaguneko antolatzaileak Hesian taldearekin harremanetan jarri zirenean. Sakandarrak berehala hasi ziren lanean, Franek azaldu digunez "gogo biziz. Hasieran flipatzen geunden, gainera jakinda Gazte topaguneen kantuak talde handiek egin dituztela". Sortu zituzten doinuak Alaia Martin bertsolariak prestatutako hitzekin lotzen joan ziren eta elkarlan horretatik sortutako emaitza da Zeru gorriko egunak. Grabatzerakoan Iban Nikolai (dijeridou), Urko "Txitu" Desoreka (ahotsa), Txoni Zo-Zongo (kaxoi flamenkoa), Luisillo (produkzioa) eta Markel Adikune presoaren laguntza izan zuten. LanaKantua Andoaingo Jomes Hamilton estudioan grabatu dute ilbeltzean eta dagoeneko www.mundurat.net/hesian orrian entzun daiteke. Aurki haren aurkezpena eginen dute. Hesian taldeko kideendako aukera aparta izanen da hau haien musika ezagutzera emateko. Franek esan digunez "toki guztietan entzungo da eta aurkezpen txartel bat da hori". Gazte topaguneko antolatzaileak kanta egiteko taldearen bila hasi zirenean, ohartu ziren Hesianek haiek eskatzen zutena betetzen zuela. Ez zen talde oso ezaguna, baina ezta hasiberria ere. Horretan zerikusia izanen dute iaz eman zituzten 50 kontzertuek. Iazko garagarrilean argitaratu zuten 8 kantuko diskoa batetik bestera asko mugitu zuten eta horrek emanaldietan emaitza izan zuen eta du. Otsaileko asteburu guztietan kontzerturen bat du Hesian-ek. Ez dira geldi geratuko Franek aurreratu digunez udarako estudioko lan berria izan nahiko lukete kalean.