Santa Agedari kantan

Guaixe 2008ko otsailaren 4a

IrurtzunUrtero moduan, Aizpea Euskara Taldeak sustatuta Santa Ageda koroak izanen dira Irurtzunen. Siziliako martiriaren santuaren bezperan kantuan aterako dira, beraz, hainbat irurtzundar. 18:30ean jarri dute hitzordua kultur etxean. Makilak aldean, herrian barna kantuan ibili eta gero Irurtzungo talde euskaltzaleak koroan aritu diren kantariei askaria eskainiko die. Iratxo elkartean izanen da hori. LakuntzaLakuntzako San Saastin musika eskolako ikasleak eta Luis Fuentes ikastetxeko guraso eta ikasleek herriko kaleak hartuko dituzte Santa Ageda bezperan. Arratsaldeko 4:30ean abiatuko dira herriko plazatik eta kalez kale musikaren laguntzaz herrian barna ibiliko dira. Ibilaldian zehar geldialdi batzuk egin eta makilen erritmoaren laguntzaz Santa Ageda abesti ospetsua kantatuko dute. Aurtengoan Santa Agedak ihauteriekin bat egiten duenez, kalejiran mozorrotuta aterako dira akordeolari zein kantariak eta kalejira despeditzerakoan eztarria berotzeko aukera ere izanen dute parte hartzaileek.Etxarri AranatzHaien notak eta kantak Etxarrin barna eginen duten kalejiran zabalduko dituzte Udal Musika Eskolako ikasleek. 18:00etan jarri dute hitzordua, Udal Musika Eskolako egoitzan. Haiekin batera, santa eskean eta kantuan aritzeko edozein etxarriar batu daitekeela jakinarazi dute eskolatik. Gonbitea, beraz, luzatuta. Santa Agedaren omenezko herrian barnako ibilbidea plazan despedituko da eta guztiendako txokolatea banatuko da etxe handiaren estalpean. Iturmendi18:30 aldera jarria dute hitzordua plazan. Bildutako guztiak, makilak aldean dituztela, herrian barna kantuan ariko dira. Santa Agedaren omenezko koplak kantatu eta gero, Aritzaga elkartean txistorrada izanen da bildutako guztiendako. AltsasuUdal Musika Eskolako ikasleek astelehenean herrian barna doinuak eta kantak banatuko dituzte. Fanfarreak, akordeoilariek, txistulariek, trikitilariek eta beste musika tresnek lagunduko dituzte Santa Agedaren omenez kantatzen dutenak. 18:30ean abiatuko dira Udal Musika Eskolatik ,eta bere ibilbidean aurreneko geldialdia Zumalakarregi plazan eginen dute. Handik jubilatuen elkartera joko dute. Adinekoei belarriak goxatu ondoren, hurrengo geldialdia San Joan kalean eginen du Santa Ageda segizioak. Segituan haien doinu eta kantuak Foruen plaza eta Iortia plazara eramanen dituzte. Kalejira eskolan bukatuko da eta despeditzeko askari ederra izanen da. Hori 20:00ak aldera izanen da. Eguraldiak laguntzen ez badu, ibilbidea aldatu eginen dute. Bestalde, ibilbidean kantuan lagundu nahi duten gurasoek, astelehenean bertan duten hitzordua eskolan, 17:00etan, azken entsegua egiteko. Udal Musika Eskolak kalejiran parte hartuko dute guztiei baserritarrez jantzita joateko eskatu die, baita makila ez ahazteko ere.