Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Emakumeak kirola egitera animatzeko helburuarekin eta Sakanako emakume asko frontenisean aritzen direla kontuan hartuta, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanako Emakumeen Frontenis Txapelketa antolatu du, ondoko erakundeen laguntzarekin: Olaztiko palako arduradunak, Etxarriko pilota eskola, Irurtzungo Itxondo elkartea eta Etxarri Aranatz, Olazti, Altsasu eta Irurtzungo udalak. Txapelketaren aurkezpenean Mankomunitateko kirol teknikari Nerea Martinez eta Amaia Gerrikagoitia, Mankomunitateko kirol batzordeko lehendakari Ruben Goñi eta Olazti aldeko arduradun Fermin Zornoza izan ziren. Itxondo elkarteko David Rekalde, Gure Pilotako ordezkari eta Etxarri aldeko arduradun Migel Angel Aristorena eta Altsasuko Emakumearen Bilguneko Virginia Alonso teknikaria ezin izan ziren egon.Emakumeen Frontenis txapelketa otsailaren 29an hasi eta apirilean despedituko da, izena ematen duten bikote kopuruaren arabera. Ekimenak 3.000 euroko aurrekontua dauka.Bi kategoria Otsailaren 20a baino lehen eman behar da izena, Sakanako Mankomunitatean (948 46 48 66, kirolak@sakana-mank.com ). Horretaz gain, ondoko telefonoetara jo daiteke: Irurtzunen Hipe Lizarraga (646 931 228) eta David Rekalde (619 484 313); Etxarri Aranatzen Migel Aristorena (948 56 70 86); eta Olaztin Fermin Zornoza (661 613 982). Bikote bakoitzak 10 euroko kuota ordaindu beharko du, eta partidak asteburuetan jokatuko dira, Olazti, Etxarri Aranatz eta Irurtzungo pilotalekuetan. Bi kategorietan jokatuko da txapelketa: lehen mailan orain arte frontenisean aritu izan direnek jokatuko dute, eta hasi berriak direnek bigarrenean. Kategoria bakoitzeko irabazleek trofeoak jasoko dituzte.Bazkaria Kirol teknikari eta txapelketan parte hartuko duen Nerea Martinezek azaldu zuenez, txapelketa herrikoia izango da, emakume guztiei zabalik dagoena. "Frontenisa kirol erraza da, ez baitu eskatzen aparteko teknikarik ezta sasoi betean egoterik ere. Horregatik neska guztiak parte hartzera animatu nahi ditugu" esan zuen. Gainera, txapelketa despeditzerakoan parte hartzaile guztien arteko bazkaria antolatuko dute. Iritzi berekoa zen Ruben Goñi: "arlo publikoan emakumearen parte-hartzea indartzea da gakoa, horregatik txapelketan aritzera animatzen ditugu neskak, bakoitza bere neurrian eta mailan. Inportanteena guztiak ezagutu, ongi pasatu, bazkaldu... eta giro onean egotea da".Emakumeak kirola egitera animatzea helburu Txapelketako gakoak aurkezteaz gain, xede nagusia emakumeak kirola egitera animatzea dela azpimarratu zuten arduradunek. "Egun, oraindik ere emakumezkoek kiroletan duten parte-hartzea gizonezkoena baino txikiagoa da, hainbat arrazoirengatik: denborarik eza; familiako eginkizunen banaketa desorekatua (aisialdirako denbora gutxiago); estereotipo sozialak; ohitura falta; euren kabuz kiroletan hasteko konfiantza falta; euren zaletasunei egokitutako eskaintza eskasa; kostu ekonomikoei aurre egiteko zailtasun gehiago..." azaldu zuen Amaia Gerrikagoitia teknikariak. Horri gaineratu behar zaio emakumezkoek estereotipo femeninoekin lotutako kirolak egitea begi onez ikusita dagoela (sormena, erritmoa, oreka, malgutasuna...) baina ez gihartsu, boteretsu, lehiakor eta agresiboak diren kirolak egitea. Gainera, uste izan da emakumezkoek gaitasun eskasagoa zutela kiroletarako, nahiz eta argi demostratua egon hori ez dela horrela.Sakanako Emakumeen Frontenis Txapelketarekin kirola egitearen onura eskaini nahi zaie emakumeei. "Parte hartzaileen gustu eta zaletasunak kontuan hartu nahi izan ditugu eta horregatik aukeratu dugu frontenisa; bestalde, talde giroa sendotu nahi izan dugu, eta hortik dator bazkaria egitearen ideia. Kirolean emakumezkoen presentzia areagotu nahi dugu, bitxikeria izateari utzi eta naturaltasunez ikusteko. Finean, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunerako bidean urrats bat izan nahi du honek" gaineratu zuen Gerrikagoitiak. Fermin Zornotzak azaldu zuen Olaztiko frontenis txapelketan nesken zazpi bikote inguru aritu zirela parte hartzen. Olaztin ez eze, Lakuntzan eta Irurtzunen ere antolatzen dira frontenis txapelketak, guztiak ere mistoak. "Sakanan emakume askok jokatzen du frontenisean, modu pribatuan. Arlo publikora emateko saltoa bulkatu nahi dugu" azpimarratu zuen Ruben Goñik.