Hasi da denboraldia txirrindulariendako

Guaixe 2008ko otsailaren 8a

Igande honetan hasiko da XVII. Mallorcako itzulia, txirrindulari profesionalen egutegia irekitzen duen proba. Besteak beste, bertan emanen diote hasiera denboraldiari Euskaltel-Euskadiko Gorka Verdugok eta Caisse d´Epargneko Imanol Ervitik. Bi sakandarrek beraien taldeko liderrei laguntzea izanen dute helburu.Mallorcako itzulia Otsailaren 10etik 14ra arte, bost etapa izanen ditu Mallorkako itzuliak. Lehen etapa, 100 kilometrokoa Palma de Mallorcan barrena izanen da. Bigarrenean, 167 kilometroko ibilbidea izanen dute Cala Millorretik Son Serverara, eta lehen mendiak izanen dituzte bidean. Asteartean, Pollença eta Port d´Alcudia arteko 168,4 kilometro gainditu beharko dituzte, bigarren eta lehen mailako mendiak barne. Laugarren egunak Inca izanen ditu hasiera eta amaiera. 162,4 kilometroko ibilbidea eta mendiko lau portu gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Azken eguneraino ezin izanen dute atseden hartu txirrindulariek, izan ere, itzulia amaitzeko, Magalufetik Palmanovara, 147,5 kilometroko ibilbidean 2. mailako hiru portu eta 3. mailako bat izanen dituzte.Itzuliak hasi aurretik bildutaTxirrindularien taldeek bilkurak egin dituzte denboraldiari hasiera eman aurretik. Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak Calpen, Alakanten bildu ziren joan zen igandean, eta bertan egonen dira bihar arte. Miguel Madariagak eta Igor Gonzalez de Galdeanok kontzentrazioan taldearen elkarbizitza bultzatzea, taldeko entrenamenduak egitea eta denboraldiko prestakuntzaren xehetasunak burutzea dituzte helburu.Imanol Erviti hiriberritarra, berriz, Mallorkan egon da Caisse d´Epargneko taldekideekin bilduta, igandean hasiko den itzulia prestatzen.