EAE-ANVren jarduerak etetea erabaki du Garzonek

Guaixe 2008ko otsailaren 11

Garzonen aginduz, beraz, alderdi horien jarduerak eten, hauteskundeetara aurkeztea debekatu, egoitzak itxi, diru kontuak blokeatu dira, besteak beste. Neurri horiekin EHAK eta EAE-ANV legez kanporatzeko auzi-bidea hasi besterik ez dua egin. Epaileak erabaki hori ostiral eguerdian ezagutarazi zuen eta gauean Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko areto bereziak bere ebazpenaren berri eman zuen: EAE-ANVri hauteskundeetara aurkeztea debekatzea eta EAE-ANVri eta EHAKri finantzaketa publikorako iturriak moztea. Auzitegi Gorenak badaezpadako beste neurriak atzera bota zituen. Hala ere, Baltasar Garzon epaileak aurretik bi alderdien jarduna debekatzeko erabakia hartu zuen eta, beraz, EHAKk eta EAE-ANVk ezin izanen dute politikan jardun. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen erabakiak EAE-ANVko zinegotzien jarduna udal kontuetara mugatzen du. Hortik kanpoko jarduerarik ezin izanen dute egin. Lakuntza eta Arbizuko Udalek bilkura bereziak egin zituzten eta jardueren etetearen kontrako mozio bana onartu zituzten. Alderdi ekintzaileak ibarrean 31 zinegotzi ditu Arakilen 2, Irurtzunen 3, Uharte Arakilen 3, Lakuntzan 6, Arbizun 9, Urdiainen 2, Altsasun 3 eta Olatzagutian 3. Gainera, Lakuntza eta Arbizuko alkatetzak ekintzaileen esku daude. Lakuntza eta Arbizuko alkatetzak ditu. Horretaz gain, Etxarri, Bakaiku eta Ziordia ere aurkeztu zituen EAE-ANVk eta epaitegiek baliogabetu zituzten. Jasotako boto baliogabeek beste 11 zinegotzi emanen liekete ekintzaileei. ErreakzioakEpaitegietatik etorritako berriak jakin eta ostiralean bertan hainbat protesta ekintza izan ziren Sakanan. Guk hauen berri izan dugu: Arbizun 42 pertsonek protesta bilkura egin zuten, Bakaikun 20k, Urdiainen 15k eta Altsasun kintoek zortzikoa dantzatzen zuten bitartean 70 pertsonek bilkura egin zuten. Independentzia aurrera, Euskal Herria kalera leloa izan zuten bilkurek. Bestalde, ezezagunek igandean, 3:30 aldera, likido sukoia bota zuten Euskadiko Kutxak Etxarri Aranatzen duen kutxazain automatikoan eta ondoren su eman zioten. Kutxazaina erabiltezina gelditu zen. Gertaera Guardia Zibilak ikertzen du. ZauritutaBi alderdien jardueren etetea salatzeko igande eguerdian Bilbon manifestazioa deitu zuten, Euskal Herriaren eskubideen alde. Salbuespen egoerari stop zuen leloa. Manifestaziora EAE-ANVk deitu zuelako "legez kanpokoa" zela ebatzi zuen Baltasar Garzonek. Hala ere, milaka pertsonak saiatu ziren Bilboko kaleetan epaileen erabakiekiko desadostasuna azaltzen. Ertzaintzak indarrez galarazi zuen manifestaldia eta ondorioz, istiluak izan ziren. Ertzaintzak hainbat pertsona kolpatu zituen eta lau pertsona atxilotu zituen. Atxilotuetako bat lakuntzarra da. Harekin zihoan lagun batek adierazi digunez, "giroa gaiztotuta zegoenez taberna batean sartu ginen. Kaleko giroa lasaitu zenean kalera atera eta udaletxerako bidea hartu genuen, autora joateko. Jendea espaloian lasai zebilen. Bat-batean bazter guztietatik ertzainak agertu ziren eta gugana jo zuten". Iturri beraren arabera, lakuntzarra atxilotzerako unean ertzain batek "bokatxarekin buruan kolpea eman zion". Hasiera batean polizia-etxera eraman behar bazuten ere, zauria handia zenez ertzainek anbulantzia eskatu zuten eta Basurtoko ospitalera eraman zuten. Zauria sakona zen eta hainbat puntu eman zizkioten eta behaketan egon zen. Bitartean haien lagunek ezin izan dute bisitatu, "atxilotuta zegoelako". Astelehen goizean epailearen aurretik pasa zuten. Hura eta beste 3 atxilotuak aske gelditu ziren. Desordena publikoak eragiteaz akusatuak daude eta euren aurkako bide judizialak aurrera jarraitzen du.Greba deialdiaBestalde, ezker abertzaleak ostegunerako greba orokorra deitu du, EAE-ANVren eta EHAKren jardueraren eteteari aurre egiteko, eta, oro har, "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoeraren" kontra eta "bai esateko marko demokratikoari eta Euskal Herriarendako independentziari". Herritarrei deialdiarekin bat egiteko deia luzatu die ezker abertzaleak.