Debekatuta arrantza egitea

Guaixe 2008ko otsailaren 13a

Ingurumen kontseilariak adierazi zuenez salbuespeneko neurri hori hartu da "amuarrainak Nafarroako ibaietan duen egoeragatik, kopuruak behera nabarmen egin duelako. Hala erakutsi dute egin diren kontrol jarrai eta zehatzek". Begoña Sanzberrok "ubeldeen ingurumen egoera txarrari" egotzi zion amuarrain kopuruaren jaistea, "eta ez arrantzaleen jardunari". Hala ere, "egoera kritiko hau dagoen bitartean, arrantza debekuak eta departamentuak aurreikusitako beste neurri batzuek amuarrainaren errekuperazioan lagunduko dute". Beste neurri horien artean daude ubeldeen zaintza handitzea, "ezkutuko arrantza, isurketak eta ur emarien kontrola eta zaintza egiteko". Neurri hori ahal bezain laster kentzeko asmoa du gobernuak. Bitartean, amuarrainen egoera hobetzeko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak hainbat ekimen jarriko ditu martxan "amuarrain kopuruaren jaitsiera moteltzeko".SakanaDebeku horren arabera ibarrean ezin izanen da arrantzarik egin hainbat erreka bazter eta ubeldean. Arakil Nafarroan sartu eta Altzaniarekin bat egiten duen eremuan ezingo da arrantzatu. Altzanian eta Elkorriko errekan ezta ere. Debeku horren barruan daude ere Trufeta, Zurkilloa eta Urruntzure. Bestalde, Arakil eta Larraun ibaiek bat egiten duten tokitik Oskiako harrateraino seinale karramarroaren arrantza bedatua dago.