Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Greba deialdia egiterakoan ezker abertzaleko kideek adierazi zuten "Euskal Herriak salbuespen egoera pairatzen du eta, horri aurre egiteko, greba orokorra egitera deitzen ditugu herritarrak. Horretaz gainera, Euskal Herriak pairatzen dituen eraso guztiei ezezko borobila emanen diegu grebarekin". Grebarako deialdia egin zen agerraldian ezker abertzaleak adierazi zuen "jarrera sendoa" izateko garaia dela. "Borrokan tinko" jarraituko dutela adierazteaz gain, mugimendu independentistarekin bukatzea "ezinezkoa" zela. Aldi berean, grebak "marko demokratikoari eta Euskal Herriarendako independentziari baiezkoa emateko" balioko dutela adierazi zuten. Herritarrei deialdiarekin bat egiteko deia luzatu zien ezker abertzaleak. Bat eginLAB sindikatuak bat egin zuen greba orokorraren deialdiarekin eta greba eta mobilizazio egunean parte hartzera deitu zuen. Sindikatuak salatu zuen "2 alderdien jardueraren etetea PSOEren premia eta interes elektoralen araberako erabakia da. Erabaki politikoa". LABendako "konstituzio-estatutu eredua euskal herritar askok defendatzen dituen ideia politikoak ukatzearen ondorioa" da. Sindikatu abertzalearendako "eraso gorakada honek agortuta dauden bideetan tematzeko besterik ez du balio". LAB sindikatuak adierazi zuenez, "Espainiar estatuak ezker abertzalearekin baino, Euskal Herriarekin dauka bere arazoa". LABek "erasoaldi demokratikoaren atzean Hegoalde guztian agortua den marko demokratikoaren inguruko funtsezko pultsu politikoa" ikusten du. LABen iritziz "erasoek ezker abertzalearen gaitasuna baldintzatzea dute helburu, marko autonomikoen erreforma hutsei ekin ahal izateko". LAB sindikatuak erakunde eta alderdi politikoak kritikatu zituen, neurri judizial eta politikoak, "publikoki gaitzetsi ondoren, ez dute inolako alternatibarik edota erantzunik planteatu". Neurriok "euskal herritar gehienak gatazkaren konponbidetik urruntzen" dituztela adierazi zuen. Horregatik sindikatuak mobilizazio beharra aldarrikatu zuen eta "aldaketa politikoa ezinbestekoa" dela aldarrikatzeko eskatu zuen, "proiektu politiko guztiek aukera demokratiko berberak eduki ditzaten". Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bat egin zuen greba deialdiarekin. Argudiatu zuenez, errepresioari "hortzak erakutsi" behar zaizkio. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak errepresioa eragin dien eta errepresioa arbuiatzen duten guztiei deialdiarekin bat egitera deitu zien. Bestalde, Euskal Herriko gazte mugimenduko hainbat kidek bat egin zuten greba orokorrerako deialdiarekin. Bestelako iritziakEusko Alkartasunak greba deialdiaren aurrean adierazi zuen, greba orokorrerako deialdia "egokia ez" dela, eta "ez du inola ere arazoa konpontzeko balio". Eusko Alkartasuna alderdi politikoen jardueren legez kanporatzeen aurrean "isilik ez" dela geratuko adierazi zuen. Horregatik larunbaterako elkarretaratzea deitu du Gernika-Lumoko Foruen plazan, 11:30ean. EAk "demokraziaren eta askatasunaren aldeko" ekitaldi gisa aurkeztu zuen ekitaldia. "Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko giza eskubideak guztiontzat izateko garrasi egingo dugu", adierazi du Eusko Alkartasunak. Era berean, "independentzia nahi dutenek ETAren helburu berberak dituztela eta haren menpe daudela esaten dutenak" kritikatu zituen EAk. Aralarrek deialdiarekin bat egingo ez zuela iragarri zuen, greba deialdia "adostasunik gabe" eta "alde batek soilik" erabakitako ekimena zelako. Hala ere, "izaera baketsua eta izpiritu plurala duen edozein protestatan" parte hartzeko prest agertu zen alderdia. Aralarrek "bi aldeen gerra estrategia" salatu zuen eta "eskubideen urraketa modu bateratuan" salatzera deitu zuen. Ildo bera azaldu zuen ESK sindikatuak. STEE-EILASek, bestalde, askatasuna eman zien bere kideei. Bi sindikatuek ere asteartean elkarretaratzea egin zuten jarduera eteteak salatzeko. Euskadiko UGTk, bestalde, grebarekin bat ez egiteko deia egin zien bere afiliatuei. UGTrendako greba deialdia "legez kanpokoa" zen. ELA sindikatuaren Nazio Batzordeak adierazi zuen "Garzon epaileak hartutako erabakiak estaldura judiziala eman dio Gobernu sozialistaren aldez aurreko erabakiari". ELAk "prozesu horien arbitrariotasuna" salatu zuen eta, horrekin batera, "Alderdien Legea indargabetzeko" eskatu zuen. ELArendako azken erabakiak "erakusten dute espainiar estatuak ezin diola euskal gatazkari heldu, bide politikoetatik, behintzat". ELAk euskal erakundeei eskatu zien "ordezkapen eta partehartze politikoen funtsezko eskubide eta eginbeharren erabilera arautzeko".LAB: grebaren balorazio positiboaLAB sindikatuko Sakanako arduradun Gaizka Uhartek grebaren balorazio positiboa egin zuen Altsasuko eguerdiko manifestazioaren ondoren. "Sakanan eguna normala ez izatea lortu dugu, eta "Independentzia aurrera!" leloa leku guztietan egotea. ANVren eta EHAKren kontrako erasoari erantzun indartsua eman zaio, eta independentzia defendatzen dugun eragileek iniziatiba hartzeko gai garela argi geratu da. Halaber, nabarmena da Estatu espainiarrak ez duela arazoa ezker abertzalearekin, Euskal Herriarekin baizik". LABek azpimarratu nahi izan zuen "deitutako greba orokorra ongi atera zela. 1.100 langile baino gehiagok egin dute greba, eta goizeko bilkuretan ia 775 pertsona inguru atera dira kalera. Altsasuko manifestazioa ere arrakastatsua izan da. Lantegietan gaia landu da: asko itxi dira, batzuetan geldialdi partzialak egin dira eta beste batzuetan langile kopuru batek greba egin du. Badakigu enpresa batzutan lan txandak osatzeko gaizki ibili direla. Zalantzarik gabe, ez da egun normala izan". LABek eguerdian emandako datuei erreparatuz, 1.100 langile baino gehiagok egin zuten greba Sakanan, enpresa pribatuetako 900 langile baino gehiagok, eta administrazio eta irakaskuntzako 200 pertsona inguruk. Grebaren jarraipen nabarmenena komertzioan gertatu zen. Lakuntza, Arbizu, Bakaiku, Urdiain, Arruazu eta Uharte Arakilen dendak itxita omen zeuden; Etxarri Aranatzen 52tik 48k itxi zuten atzokoan; Altsasuko itxiera % 95ekoa izan zen; Olazti eta Ziordikoa % 90ekoa, eta Irurtzunen % 30ekoa. Irakaskuntzari dagokionez, LAB sindikatuak jakitera eman zuenez, ibarreko bi ikastoletako langile guztiek, Lakuntzako, Urdiaingo eta Olatzagutiako eskola publikoetakoek, baita Urdiaingo haurtzaindegiak eta Altsasun ingelesa erakusten duen akademia batek deialdiarekin bat egin zuten. Irurtzungo eskola publikoko 12 langile, Etxarri Aranazko 14 irakasle eta Altsasuko institutuko 16 langile gelditu ziren, eta institutuko ikasle gehienek ere bat egin zuten deialdiarekin. Horretaz gain, Lanbide Heziketako langileek eta ikasleek ordu bateko bilkura egin zuten. Administrazioari dagokionez, LAB sindikatuak jakitera eman du Sakanako Mankomunitateko bulego eta hondakinen bilketa zerbitzuko langileek eta Lakuntzako, Arbizuko, Etxarriko eta Bakaikuko Udaletako langileek eta Urdiaingo liburutegikoak lan uztearekin bat egin zutela. Beste administrazio batzuetako langileek ere greba egin zuten: Irurtzunen, Uharte Arakilen, Olaztin, eta Ziordian.Enpresetan eraginaLAB sindikatuak emandako datuen arabera atzokoan 591 langile gelditu zuten egun guztira: Utzubar, Proximed , Sakana S.Coop., Aceros Moldeados, Piensos Unamuno, Electricidad Ramos, Tapicerias Elcar, Guerra Hermanos, Pates Arbizu, Salmen, Irura, Jaka iturgintza , CM Razkin,Olloquiegui Poli.Arb., Montajes Berriozar, Garciandia, Electricidad Lizarraga, Bikain, Citroen-San Miguel, Askalats, Egain , Construcciones Ondarra, Sakana Laser eta Lakuntzako Musika Eskola, Altsasuko Correos, Construcciones Arregui, Eroski hiperra, Portuko okindegia. Bestalde, LABk sindikatuak emandako datuen arabera eraikuntzaren sektorea ia erabat gelditu zen Sakanan. Sindikatu abertzaleak zabaldutako datuen arabera hainbat lantegietan greba partziala izan zen. 226 langilek bat egin zuten horrela protestarekin: Magoteaux, Omnia, Zurgai, Sunsundegui, Hisphording Hispania, Eguzkia, Gamesa, Sapa, Mecanizados Alsasua, Apoyos Metalicos, Cementos Portland, Imaz Hermanos, Granja Dos Hermanas, Olestu, Osasun Zentroa, Gamesa Fiber, Amaya okindegia (etxez etxeko banaketarik ez du egin), Hydra Aluminium eta Arfe. MobilizazioakGreba deialdiarekin batera hainbat mobilizazio deitu ziren. Eguerdian eta 19:00etan herri guztietan bilkurak egiteko deialdia zegoen, eguerdikoek baimenik ez bazuten ere. Horretaz gain, 13:00etan eta 20.00etan, Altsasun manifestazio bana izan zen. Eguerdikoan 600 bat pertsona bildu ziren. Ibilbidean manifestariek independentzia, ANV aurrera, Jo eta ke, Alde hemendik utzi pakean, Demokrazia Euskal Herriarentzat moduko leloak oihukatu zituzten. Guardia Zibilak gertutik zaindu zuen manifestazioa. Eguerdiko bilkurei dagokionez, LABek zabaldutako datuen arabera: Irurtzunen 60 pertsona bildu ziren eta bilkura 3 tokitan egin zuten; Uharte Arakilen 10; Lakuntzan 100; Arbizun 102; Etxarri Aranatzen 120; Bakaikun 15, Urdiainen 27 eta Olatzagutian 50. Altsasun Guardia Zibilak eguerdian eragotzi egin zuen bilkura egitea. Ziordian elkarretaratzea arratsaldean egin zen soilik. Altsasun, bestalde, 150 lagun batzartu ziren grebaren aurreneko balorazioa egiteko. Arratsaldeko mobilizazioei dagokienez, jakinarazi digutenez 50 pertsonek parte hartu zuten egindako protesta bilkuretan, Uharte Arakilen 15, Lakuntzan 70, Arbizun 67 pertsonek elkarretaratzea egin zuten eta batzarra ere egin zuten. Etxarri Aranatzen 80 pertsona izan zen elkarretaratzean, Bakaikun eta Urdiainen 25na pertsona bildu ziren. 35 izan ziren Iturmendin. Altsasun manifestazioa egin zen 20:00etan eta herrian barna aldarria 300 pertsonek eraman zuten. Olaztin, egindako bilkuran 50 pertsona izan ziren, eta, azkenik, 35 ziordiar bildu ziren 19:00etan egindako bilkuran. Guztira 752 pertsona mobilizatu ziren arratsaldez Sakanan. Atzo eta herenegun Etxarri Aranazko herri sarrera irteeretan Guardia Zibilen kontrolak zeuden.