ARCO´08, polemika irekia da

Guaixe 2008ko otsailaren 15a

Artearen Espainiako azoka ezagunaren edizio hau, izugarrizko polemikaren erdian ireki ditu ateak. Otsailaren 13an hasi zen eta 18ra arte irekia egongo den azoka honetan, 34 estatu ezberdinetako 257 galeria ikus ditzakegu.. Horien artean 70 bakarrik dira espainiarrak, eta azken hauen artean, 5 galeria dira euskaldunak (Bizkaiko Windsor, Carreras Múgica eta Vanguardia, Arabako Trayecto eta Moisés Pérez de Albeniz nafarra).Lourdes Fernández donostiarrak, joan zen urtean estreinatu zuen Arcoko zuzendari kargua eta, aurten, polemika handiarekin egin du topo. Zuzendariak dioenez, galerien selekzioa egin duen batzordeak betiko irizpideak jarraitu ditu: arau administratiboak bete ditzatela, posizio internazional bat izan dezatela... Baina kasua da, aurten espainiar galerien presentzia gutxitu dela, ohizkoak ziren 21 espainiar galeria kanpoan utziz. Eta horien artean Altxerri Galeria Donostiarra. Hori guztia da, Arcoren polemikaren arrazoia. Eta suposatu daitekeenez kanpoan geratu diren galeriek ez dute oso ondo hartu egin den garbiketa hau. Horiekin bat eginez, zenbait Instituziok aditzera eman dute aurten ez dutela Arcon obrarik erosiko. Beraz, polemika irekia dago eta ikusiko dugu zer ondorio ekarriko dituen.Itziar Nazabal