Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hain zuzen ere bihar, otsailaren 16an, larunbatean, jokatuko da txapelketako lehen final aurrea Txantreako Ama Salestarren aretoan, 18:00etan. Oier Lakuntza urdiaindarra ariko da lehian Erika Lagoma, Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Xabier Terreros eta Diego Riaño bertsolariekin batera. Fin ibili beharko da urdiaindarra, Lagomak eta Zelaietak maila bikaina ematen baitute eta Bittor Elizagoienek bitan jantzi baitu txapela, bere abilidadearen adibide. Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza iazko txapelketan aritu ziren eta bertan lortutako postuari esker aurten zuzenean sailkatu ziren finalaurrekoetara, kanporaketetatik pasatu behar izan gabe. Gogoratu iaz lan ederra egin zutela sakandarrek. Eneko Lazkoz etxarriarra 10.a izan zen txapelketako sailkapenean (373 puntu), eta Oier Lakuntza 11.a (369,5 puntu). Guztira 18 bertsolari aurkeztu zirela kontuan hartuta, ez dago batere gaizki.Jokoan dagoen aurtengo edizioan 25 bertsolarik hartuko dute parte guztira, kanporaketak eta finalaurrekoak kontuan hartuta. Gehienak gazteak dira, eta aipatzekoa da azken lau urteko txapelduna, Xabier Silveira, ez dela txapelketan ariko. Hortaz, aurten kiniela guztiak zabalik daude eta txapeldun berria izanen da. Parte hartzaileen artean soilik Bittor Elizagoienek jantzi du Nafarroako txapela, 1994 eta 1999 urteetan hain zuzen ere. Lazkoz, martxoaren 1ean BeranBigarren finalaurrekoa Lekunberrik hartuko du otsailaren 23an, eta hirugarren finalaurrekoa Beran erabakiko da, martxoaren 1ean. Hain zuzen ere, azken finalaurreko horretan ariko da Sakanako beste partehartzailea, Eneko Lazkoz etxarriarra. Jakina denez, finala martxoaren 15ean jokatuko da, Elizondoko Lur dantzalekuan.Finalaurrekoetan 18 bertsolari ariko dira eta horietatik soilik zortzik lortuko dute Elizondoko finalerako txartela: saio bakoitzeko irabazleak eta hiru finalaurrekoetako puntuazioaren arabera, bost onenek. Ea Sakanako bi ordezkarik lan txukuna egin eta finalera sailkatzeko aukerak dituzten. Txapelketaren xehetasun guztiak jasotzeko www.nafarroakotxapelketa.com webgunera jo daiteke.