Sakanako aizkora eta trontza eskolak aste honetan irekiko ditu ateak

Guaixe 2008ko otsailaren 15a

Bihar emanen dio hasiera Sakanako aizkora eta trontza eskola eta zentro teknikoak ikasturte berriari. Eskolako ikasleek kirol honetan trebatzeko aukera izanen dute maiatzaren 31ra arte, larunbatero, 12:00etatik 13:00etara, eta asteazkenero, 19:30etik 20:30era. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Nafarroako Kirol Institutua, Nafarroako Kutxa eta Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin antolatutako eskolak, Etxarri Aranatzen izanen du egoitza. Aurreko urtetan bezala, Juan Mari eta Floren Nazabal eta Jose Ignazio Flores izanen dituzte irakasle. Eskolak euskaraz izanen dira, baina bakarren batek ez baleki, gaztelaniaz zuzenduko zaizkio irakasleak.Interesatuek oraindik ere badute eskolan izena emateko aukera. Sakana edo inguruko 10 urtetik gorako edozeinek eman dezake izena. Interesatuek Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan dute horretarako aukera, 948 464 866 telefono zenbakian edo kirolak@sakana-mank.com helbidean. Izena ematearekin batera, 42,50 € ordaindu behar dira Euskadiko Kutxako 3035.0116.93.1160003328 kontu zenbakian.