Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astearte eguerdian egindako geldialdiarekin Sakanako medikuek, erizainek, administrazioko eta gainontzeko langileek, guztiek, dituzten lan baldintzengatik protesta egin zuten. Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko osasun eskualdeetako langileekin batera Nafarroako gainontzeko landa eremuetako osasun eskualdeak protesta egitera deituak zeuden eta deialdiak erantzun zabala izan zuen. Osasun mahai sektorialeko sindikatu guztiek egin zuten gelditzeko deia eta ostiralean departamentuarekin duten bileran konponbiderik ikusten ez badute mobilizazio gehiago iragarri zituzten. Osasunbideako langileek salatu zuten Nafarroako Gobernuak abenduaren 13an hartutako konpromisoak ez dituela bete. Konpromiso haiek landa eremuetako osasun zerbitzuetako lan baldintza txarrak hobetzeko ziren. Horretaz gain, landa eremuetan larrialdi zerbitzuak ezartzea eskatu zen. Aldi berean, gobernuak negoziazio mahaian duen jarrera ere salatu nahi zen protestarekin. Egoera SakananIrurtzungo osasun eskualdean errefortzuko 5 sendagile behar dira eta bi besterik ez daude kontratatuta. Erizain baten kontratazioaren premia ere badu eskualdeak. Sakanaz gain, eremu zabala hartzen du Irurtzun aldeko osasun eskualdeak eta horrek osasun-gintzako langileak 55 orduko lanaldiak egitera behartu ditu. Etxarri Aranazko osasun eskualdean, berriz, mediku bakarra falta da. Baina horrek 31 orduko lanaldiak egitera behartzen ditu besteak. Azkenik, Altsasuko osasun eskualdea. Aspaldikoa da langile falta eskualde burundarrean. Egun, errefortzuko 4 sendagile egon beharko lukete eta 2 besterik ez daude. Gaur egun eskualdeak ez du zuzendaririk, aurrekoak dimisioa eman zuelako. Horren ondorioz osasun kontseilua geldi dago.